Urtea berri pozgarri batekin hasiko dute Hego Euskal Herriko pentsiodunek. Iaz baino igoera handiagoa izango dute pentsioetan: 2022koak aurtengo batez besteko KPIaren arabera errebalorizatuko dira, %2 eta %2,5 artean: 28 euro inguru gehiago. Horrez gain ordainketa berezi bat jasoko dute, 200 bat euro, urteko bigarren zatian izandako prezioen igoera, bereziki argindarrak eragindakoa, konpentsatzeko. Hala jasotzen du Pedro Sanchezen gobernuak datorren urterako aurkeztu duen aurrekontu egitasmoak.
Horrez gain, gutxieneko pentsioak, kotizazio gabekoak eta bizitzeko gutxieneko diru sarrerari dagozkionak ere igoko dira; kasu horretan, pixka bat gehiago, «besteekiko aldea konpentsatzeko»: %3. Era berean, IPREM errenta adierazle publikoa ere handituko da: %2,5. Indize hori funtsezkoa da hainbat gizarte laguntzaren zenbatekoak zehazteko; adibidez, beketarako. Maria Jesus Montero Ogasun ministroak azpimarratu duenez, Espainiako Gobernuak igoera horiekin bilatu nahi du pandemiaren osteko susperraldi ekonomikoa «bidezkoa» izatea eta «biztanle guztiengana iristea».
Pentsio arrunten kasuan, igoera ezartzeko kontuan hartu du sistemaren erreformaren negoziazioetan Espainiako sindikatuekin eta patronalekin adostu duen errebalorizazio mekanismo berria, KPIaren araberakoa. Puntu hori 2023ko aurrekontuan sartzea zen hasierako asmoa, baina koalizioko kideek adostu dute jada hurrengo urtekoan aplikatzen hastea.
Dena den, igoeraren zenbateko zehatza ez dute oraindik eman. Abenduan jakingo da, INE Espainiako estatistika institutuak azaroko KPIaren behin betiko datua kaleratzean. Izan ere, 2020ko abendutik 2021eko azarora bitarteko inflazioa kontuan hartu behar da batez bestekoa egiteko. Hori %2 eta %2,5 artean egon daitekeela zabaldu dute gobernuko iturriek. Hori horrela, Hego Euskal Herrian batez besteko pentsioa 1.267 eurotik 1.294 eurora pasatuko litzateke.
Konpentsazioak
Sistema berriarekin pentsiodunek erosteko ahalmenik ez galtzea bilatzen da. Eta hala izango dela ziurtzat jotzen du gobernuak, gaur egungo KPIa pentsioetan ezarritako igoeren gainetik dagoen arren. Ezagutzen den azken datua iraileko KPI aurreratua da, %4koa Espainian; azken hamahiru urteko tasarik altuena da hori, eta horretan eragin berezia izan du argindarraren prezioen igoera handiak. Hego Euskal Herriko azken datua abuztukoa da, %3,3koa.
Madrilek aurreikusten du urrian eta azaroan ere inflazioa goian mantenduko dela; hori dela eta, bere kontuak diseinatu ditu urteko batez besteko igoera %2tik gorakoa izango delakoan. Horrek, halaber, ziurtasuna emango lieke pentsiodunei hurrengo urtera begira, urtea inflazio tasa altuekin hasita ere, ez baita aurreikusten egungo mailan mantentzea hurrengo hilabeteetan, eta logikoena litzateke urteko zatirik handiena %2aren azpitik egotea. Gainera, urte amaieran hamabi hilabeteetako batez bestekoa horren gainetik egongo balitz, paga bat ziurtatuta izango lukete pentsiodunek, konpentsazio gisa, urte hasieran ezarritako igoeraren eta urteko batez besteko KPIaren arteko aldearekin.
Iaz %0,9 igo zituen pentsioak Espainiako Gobernuak, bost urtez %0,25eko igoerarekin eman ondoren, Mariano Rajoyren agintaldiko erreforma dela eta. Hori indargabetu eta sistema berria ezarri bitartean, Sanchezen gobernuak erabaki zuen aurreko sistemara itzultzea, BPGaren deflatorearen ehunekoa erabiliz pentsioak errebalorizatzeko, hau da, espero zen inflazioaren adinako igoera. Pandemia osteko susperraldiak eragin duen inflazioaren gorakadak, baina, txiki utzi du kopuru hori, eta urteko batez bestekoa puntu bat baino gehiago egon daiteke horren gainetik. Hori konfirmatuko balitz, aurten ere pentsiodunek konpentsazioa jasoko lukete, 200 euro inguru, urtarrila eta apirila bitartean, iazko aurrekontuetan jaso zenez.
Pentsiodunek, beraz, arnasa lasai hartuko dute urte hasieran. Ez, ordea, funtzionarioek, haiek ez baitute konpentsaziorik jasotzen, eta aurrekontuetan %2ko igoera zehaztu baitu Madrilek. Haien kasuan zalantzazkoagoa da erosteko ahalmenari eusteko nahikoa izan ote den igoera.