Alderdi politikoak

Ciudadanos utzi, eta PPn sartuko da Luis Gordillo

Ez dio utziko legebiltzarkide izateari, baina aurrerantzean «beste alderdi batetik» eginen duela jakinarazi du. Carlos Iturgaiz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko buruak bide bera segitzeko gomita egin die hala nahi dutenei. 

Luis Gordillo legebiltzarkidea, joan den otsailean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko urriaren 7a
12:42
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ciudadanoseko koordinatzaile ohiak eta Eusko Legebiltzarreko C's-eko legebiltzarkideak alderdia utzi du, eta PPrekin bat egitea erabaki. Luis Gordillo PPko kidea izanen da hemendik aitzinera, beraz, baina jakinarazi du legebiltzarrean lanean segituko duela, «beste alderdi batetik» eginen badu ere. PPk eta C's-ek talde parlamentarioa dute elkarrekin Eusko Legebiltzarrean, hain zuzen. Sei legebiltzarkide dituzte guztira: orain arte, PPko lau eta C's-eko bi. Ciudadanos alderdiak bakarra izanen luke hemendik aitzinera, aldaketarekin: Jose Manuel Gil, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako C's-eko koordinatzailea. C's-ek ohar baten bidez salatu duenez, «PPk C's-i eraso egiteko operazioaren beste kapitulu ilun bat» da gertatu berri dena, eta «euskal konstituzionalistei» egiten die kalte: «Elkarrekin eta leialtasunez lan egin behar dugu».

Carlos Iturgaiz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko buruak txalotu egin du Gordilloren erabakia, eta gomita egin die hala nahi duten guziei gauza bera egin dezaten. Legebiltzarreko eskuineko taldeko presidentea da Iturgaiz, eta, haren arabera, legebiltzarrean ez du «inolaz ere ezer» aldatuko legebiltzarkidearen erabakiak. Nabarmendu du PPk «ateak irekiak» dituela: «PPrentzat oso garrantzitsua da zentro eskuineko espazioa zabaltzea, kontserbadoreek, liberalek eta sozialdemokratek lekua izan dezaten». Iturgaizen ustez, hain zuzen, PPk ordezkatzen du «zentro eskuinaren etxe komuna».

Ciudadanosek ez du zinegotzirik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; beraz, hemendik aitzinera Gil izanen da hiru lurralde horietako C's-eko hautetsi bakarra. Nafarroan Navarra Suma koalizioaren barnean dago Ciudadanos, UPN eta PPrekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.