«Euskal Herriaren gehiengoaren nahiak egikaritzeko konpromisoa hartzen dugu, eta azaroaren 20an Bilbon beste fase bat irekitzera goaz». EH Bilduren izenean, Olaia Duartek irakurri du gaur arratsaldean koalizioak azaroaren 20an manifestazio nazional batera deitzeko egin duen agiria.
Koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik ere hartu du hitza, eta hautatutako egunaren esanahi berezia nabarmendu du «Data ez da alferrik hautatua». Lehendik ere ohikoak izan dira azaroaren 20ko mobilizazioak ezker abertzaleak deituta. Justu Franco diktadorearen heriotzaren urtemuga da, «haustura demokratikorik gabe» amaitu zen aro baten amaiera izan zela oroitarazi zuen atzo Otegik, eta kolpe aski gogorrak jaso dituztela halako egunez. 1984ko azaroaren 20an Herri Batasuna HBko buruzagi Santi Brouard hil zuen GALek. 1989ko azaroaren 20an, Espainiako Kongresuan HBk zituen ordezkarien kontra egindako eraso batean, Josu Muguruza hil zuten. «Bidetik apartatu zituzten», oroitarazi du Otegik. Horren atzean, gainera, «estatu estrategia bat» egon zela salatu du. Horregatik, azaroaren 20ko goizean omenaldi bat egingo diete biei. Arratsaldeko manifestazioan, haiek gogoan izateaz gain, izurrian bizi izandako hilabeteen iluna ere utzi nahi dutela esan du, horiek utzitako «zauri emozionalak» atzean uzten hasteko eguna izatea nahi dutela: «Berriro elkartzeko eguna».
Mobilizazioa «maitasun handiz» prestatzen ari direla esan du Otegik, eta aldarriaren muina zein izango den ere nabarmendu du: «Euskal Herria nazio bat da, eta errespetatua izan behar du». Bide horretan, beste «agertoki batera» heltzeko bidea landu behar dela defendatu du, haren ustez ezkerrekoak eta independentistak diren eragileak batzea ezinbestekoa baita horretarako. Horregatik, Bilbo aldarri horien inguruan batzen diren guztien topagune izatea nahi dute.
Sustatzaileak
EH Bilduko ordezkarien ondoan, manifestazioa sustatu duen taldeko pertsonak egon dira. 11 izan dira sustatzaileak. Joseba Sarrionaindia, idazlea; Edurne Brouard, Santi Brouarden alaba; Elena Bartolome, Josu Muguruzaren bikotekidea; Xabi Garate Seleta, ‘El Conquistador’ saioko parte hartzailea; Miren Amuriza, bertsolaria; Ibai Zabala, pilotari ohia; Oihana Azkorbebeitia, mendi lasterkaria; Izortze Santin, EHUko irakaslea; Jose Mari Esparza, editorea; Josu Zabala, Tubacexeko langilea; Juan Puerto, pentsionista.