Bihar eta etzi epaituko dute Egoitz Urrutikoetxea Parisko Zigor Auzitegiko 16. salan, 2003an eta 2005ean ETA zeneko kide izan zelakoan helburu terroristak zituen gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta. Bi prozedura bateratu dituzte, 2003koa bata eta 2005ekoa bestea: lehena 2007an epaitu zuten, eta lau urteko kartzela zigorra eman zioten Urrutikoetxeari; bigarrena, 2010ean epaitu zuten, eta hor ere beste lau urteko zigorra eman zioten. Orduan, ez zen bere kontrako epaiketetara agertu, eta atxilotua izan ondotik berriz egiteko eskatu zuen, legeak baimentzen duen gisan. Prozedura akatsak zirela medio, auzibideak instrukziora bidaltzea erabaki zuen epaileak. Bihar eta etzi aztertuko dituzte. Beste prozedura bat ere badu Egoitz Urrutikoetxeak; heldu den otsailean aztertuko dute Parisko Dei Auzitegian.
2015eko urriaren 7an atxilotu zuten Urrutikoetxea Parisen, beste bi lagunekin. ETAren «aparatu politikoko arduradun garrantzitsutzat» jo zuen Espainiako Barne ministerioak, baina, «ikerketa iturriak» aipatuta, ordurako ETArekin loturarik ez zuela erran zuen Ser irratiak. Parisen unibertsitate ikasketak egiten ari zela ere aipatu zuen, eta han bizi izan zela azken urtebetean. Poliziaren arabera, 2003tik zegoen ihes eginda Urrutikoetxea. Espainiako eta Frantziako barne ministerioek nabarmendu zuten «hainbat urtetan» bilatu zutela, eta lehenago, bi aldiz zabaldu zuten atzeman zutela, hala izan gabe. 2015eko martxoan, lagun bat atxilotu zuten Berrogainen (Zuberoa), ETAk agiria atera —egiaztatzaileekin armagabetzeko metodoa hitzartu zuela esan zuen— eta Baionako Bake Foruma ospatu zen egun berean. Ez zen Urrutikoetxea, ordea. 2015eko irailaren 22an ere haren izena zabaldu zuten, Baigorrin (Nafarroa Beherea) egindako operazioaren harira. Baita Egoitzen aita eta ezker abertzaleko militante historiko Josu Urrutikoetxearena ere. David Pla, Iratxe Sorzabal, Ramon Sagarzazu eta Patxo Flores atxilotu zituzten orduan.
Parisko Fresnes presondegian aste batzuk pasatu ondoren, azaroaren 13an utzi zuten aske Egoitz Urrutikoetxea, komando jihadista batek Frantziako hiriburuan dozenaka hildako eragin zituen gau berean. Biharamunean zegoen lehen trena hartu eta Euskal Herrira itzuli zen. «Fresnesko presondegitik atera, eta lagun batzuekin Parisera nindoan, askatasuna ospatzera. Orduan helarazi ziguten atentatuen berria. Etxean sartu ginen. Ez zen giro Parisen. Astakeria latza izan da», azaldu zion BERRIAri egun batzuk geroago. Azkenaldian izandako ibilbideari buruzko azalpenak ere eman zituen: «Bada urte eta erdi bat Parisen bizi naizela, iazko uda hasieratik, neure izenean bizi ere. Diderot Paris 7 unibertsitatean ari naiz ikasten duela urtebete pasatik. Historia master baterako izena eman nuen, eta bigarren ikasturtean nago. Lanean ere aritu naiz: ekainean hilabete batez; irailean, langabezian izena emateaz gain, lan batzuetarako aurkeztu nintzen, eta aurkitu nuen bat, luzarorako. Atxilotu ninduten garaian lanean ari nintzen, eta ikasten ere bai. Kontu korronte bat ere zabaldu nuen. Beraz, bizimodu arrunta egiten nuen Parisen. Ni gehien harritu nauena da horrenbeste denbora utzi izana horrela». 2009tik gutxienez publikoki eta bere izenean bizi zela erran zuen elkarrizketa hartan. «Bi haur izan genituen orduan, eta Grenoble [Frantzia] ondoko udalerri bateko herriko etxe batean erregistratu genituen, neure izena erabilita. Neu joan nintzen herriko etxera, eta paperak egin nituen», esplikatu zuen. Bihar eta etzi iraganen den auzi saioan, aitzineko urteei buruzko argipenak ere emanen ditu.
Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinacce abokatuen laguntza izanen du Urrutikoetxeak Parisko Zigor Auzitegian. Lekukoak ere izanen dira, hala nola Monique Elgoihen Lexantzüko (Zuberoa) auzapeza —horko hautetsi da Egoitz Urrutikoetxea—, Sophie Wahnich Urrutikoetxea prestatzen ari den doktoretza tesiaren zuzendaria, eta Josu Urrutikoetxea, auziperatuaren aita. Haren kontra diren «froga elementu arinak» deseraikitzeaz gain, testuinguruaz ere aritzeko asmoa dute, «erabat anakronikoa» dela erakusteko, Egoitz Urrutikoetxeak BERRIAri azaldu dionez. Josu Urrutikoetxearen kasuan bezala, 2005eko negoziazioen harira leporatzen diote hari ere ETAko kide izatea.
Hatz markak egunkarian
2003an kokatua da bi prozeduretako bat. ETAko kide batzuk atxilotu zituzten Bordelen (Okzitania), eta, ikerketaren harira, haiekin lotutako auto bat eta etxebizitza bat aurkitu zituzten. Horietan, zaku bat zegoen, Gara egunkariaren ale batekin, eta egunkarian, Egoitz Urrutikoetxearen hatz markak. Ez etxean, ez autoan ez zuten Urrutikoetxearen beste aztarnarik aurkitu.
Horrez gain, garaia hartan Frantziako Poliziak egindako txosten bat ere sartu dute prozeduran, 2003ko udatik Egoitz Urrutikoetxea sasian zegoela zioena. Bi elementu horietan oinarritzen dira garai hartan Egoitz Urrutikoetxea ETAko kidea zela errateko. Alta, Koldo Gorostiaga Euskal Herritarrok-eko eurodiputatuaren idazkari gisa jardun zuen 2004ko urte bukaera arte, eta Herritarren Zerrenda hautagaitzaren hauteskunde kanpainako Ipar Euskal Herriko koordinatzailea izan zen, erabat jardun publikoa eginez. Txostena idatzi zuen poliziarekin konfrontazioa eskatu zuten Urrutikoetxearen abokatuek, baina instrukzio epaileak ez zuen onartu.
Bigarren prozedura ETAko beste bi kideren atxiloketan oinarritzen da. Villeneuve-sur-Lotte (Okzitania) herrian zeuzkaten etxe bat eta garaje bat aurkitu zituen Frantziako Poliziak, eta horietan Pyrenees Magazine astekariaren ale bat, Egoitz Urrutikoetxearen hatz markekin; ez zegoen haren beste aztarnarik. Garajean, Josu Urrutikoetxearen zaku bat, familiako argazkiak, dokumentu politikoak eta gatazkaren konponbideari lotutako dokumentuak. Zaku barneko oihal batean, Urrutikoetxea aita-semeen DNA aztarnak ere bazeuden.
Elementu horietatik ateratzen duten ondorioa da 2005ean hasiko ziren Genevako (Suitza) negoziazioen prestaketan ari zirela. Josu Urrutikoetxea ere epaitu beharra dute afera beragatik, baina haren kontrako prozedura instrukzio fasera itzultzea erabaki zuen Parisko Dei Auzitegiko epaileak joan den irailaren 13an. Egoitz Urrutikoetxearen hitzetan, haren kontrako prozeduran ez dute aurkeztu ikerketa txosten edo froga elementu argirik hura ETArekin lotzeko. «Kontakizun bat dago, besterik ez».
Sagarzazu aurrekaria
Egoitz Urrutikoetxea ETAko kide izan zela frogatu beharko du epaiketan terrorismoaren aurkako Frantziako ministerio publikoak. Garai hartan Josu Urrutikoetxearekin harremana izan zuela frogatua dago, baina horrek erakundeko kidetza frogatzen ote du? Bestetik, ETAko kideekin harremana izan zuela frogatzea lortuko balute ere, horrek ETAko kide izatea esan nahi ote du?
Hain zuzen ere, Ramon Sagarzazu ezker abertzaleko militantearen aurrekaria dago hor. 2015eko irailean atxilotu zuten, Baigorrin (Nafarroa Behera), Iratxe Sorzabal eta David Pla ETA zeneko kideekin batera. Baina instrukzio epaileak erabaki zuen hura kargutik kentzea, erakunde armatuko kideekin konponbide prozesuaz mintzatzea delitu ez zela ebatzita. Armak zigilatzeko prozesuan ari zen garai hartan ETA erakundea. Urrutikoetxea aita-semeen kasuan, galdera berdintsuari erantzun beharko dio Frantziako justiziak. Delitu ote da gatazka armatuaren bukaerara iristeko helburuz ETAko kideekin harremanean egotea?