Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesuan mugarri izan zen Aieteko Konferentzia iragan eta hamar urtera, ordutik izandako bilakaera aztertuko dute heldu den urriaren 14tik 16ra antolatu dituzten jardunaldietan. Bake Bideak, Bake Prozesua Indartzeko Foro Sozialak, Berghof fundazioak eta Conciliation Resources erakundeak antolatu dituzte ekitaldiak. Donostian lehen aurkezpena egin ondotik, Baionan antolatu dutena zehaztu dute gaur, Hiriburun (Lapurdi). Hitzaldi eta mahainguru sorta zabala izanen da urriaren 16an, Baionako Henri Grenet auditoriumean. Besteak beste, Ipar Euskal Herriko hautetsi nagusiek parte hartuko dute, konponbide prozesuan orain arte egin diren urratsei buruzko begirada emanez.
Joan den larunbatean zendu zen Michel Tubiana bakegilea oroituz hasi du aurkezpena Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak. LDH giza eskubideen ligako ohorezko presidente zena Euskal Herriko gatazkaren konponbidean aktiboki esku hartu dutenen bidelagun izan da azken urteetan, eta Parisen harremanak egiteko laguntza eskaini die Euskal Herriko eragileei. Ahots batek baino gehiagok azpimarratu zuen larunbatean haren heriotzak eragin duen «galera handia». Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramaileak jardunaldiak antolatu dituzten lau erakundeek adostu duten adierazpena irakurri du: «Gure ustez, urteurren hau abagune egokia da azken hamarkadan Euskal Herriko gatazkaren eraldaketan lortutako aurrerapenak gogoratzeko eta ospatzeko —nahiz eta oraindik ere hainbat oztopo eta erronka dauden—, eta, horrekin batera, pandemiaren osteko mundu berri honetan bakearen arloan ditugun erronkak aztertzeko eta eztabaidatzeko, eta euskal prozesuaren irakaspen eta erronken inguruan hausnartzeko».
Hausnarketa horri eginen diote lekua, hain zuzen, urriaren 16eko jardunaldietan. «Goiz osoa izanen da, tentsoa, edukiz betetakoa», laburbildu du Funosasek, «egindako bideaz jasotako irakaspenak, alde guzietatik jasotako ekarpenak, munduan antolatzen diren beste bake prozesuei buruzko begirada...». Jean Daniel Elixiri Bake Bideako kideak emanen dio hasiera egunari, eta Véronique Dudouet Berghof fundazioko zuzendariak segituko du ondoren «bake prozesuaren irakasgaiak» aipatzeko. Ondoren, Ipar Euskal Herriko hautetsi eta aktore politikoen begirada eskainiko dute. Parte hartzaileen artean izanen dira Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidente eta Modem alderdiko kidea; Jean-Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari, Baionako auzapez eta UDI alderdiko kidea; Frederique Espagnac senatari eta Akitania Berria eskualdeko hautetsia, PS alderdikoa; Max Brisson senataria eta departamenduko hautetsia, LR alderdikoa; Vincent Bru Modemeko diputatua; Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta Euskal Elkargoko hautetsia, EHBAIko kidea; eta Alice Leiziagezahar Akitania Berria eskualdeko hautetsi ohia, EELV alderdiko kidea.
Ondotik, Aietetik hona egin dena eta etorkizuneko erronkak aipatuko dituzte Caroline Guibet Lafaye soziologoak, Funosasek eta Hernanek, eta orain arteko prozesuari buruzko «kanpo begirada» ere landuko dute Bake prozesua, posible den parioa? izenburua dakarren mahai inguruan. Berradiskidetze prozesuetan aditua den Brandon Hamber irakasleak, Carlos Beristain Kolonbiako egiaren lantaldeko komisarioak eta Jean-Pierre Massias zuzenbide publikoko irakasleak hartuko dute hitza. Azkenik, Brian Currin abokatuak itxiko du hitzaldi sorta, bere ustez Euskal Herriarentzat diren desafioak aipatuz.
«Bake prozesua»
Hizlarien aniztasuna eta kalitatea azpimarratu dituzte bai Funosasek eta bai Hernanek, eta Euskal Herriko eragile politiko eta sozial gehientsuenek parte hartuko dutela nabarmendu dute. Azken urteetan erabilitako terminologiari buruzko argipenak emateko aukera ere izan da. Hala, Funosasek argitu du Euskal Herriko prozesua nazioarteko estandarretan «bake prozesu» bat ez bada ere, orain arte termino hori erabiltzeko hautua egin izan dutela. «Ohartu ginelarik ez zela negoziazio mahairik izanen, erabaki genuen borrokatzea eta gogoetatzea zer izan beharko litzatekeen Euskal Herriko prozesua. Nazioarteko estandarretan ez da bake prozesu bat, baina bake prozesu bat da herri honek nahi duena».
Funosasen hitzetan, bake prozesuaren aldeko aldarrikapen hori egin ez balute, ez zituzten emanen eman dituzten pausoak. «Behartu gaitu metodologia bat lantzera», azaldu du. Terminologia hori erabiltzeagatik «kritikak» jaso izan dituztela aitortu du, baina hautua asumitu du, bake prozesu baten beharra gizarteratzeko balio duela uste duelako. «Segitzen dugu, horrek behartzen gaituelako gogoetatzera konponente guziak kontuan hartuta».
Azken urteetan izandako «lorpenak eta mugimenduak» oroitarazi ditu Funosasek, baina onartu du azkenaldian ez dagoela aurrerapenik. «Frantziako Justizia Ministerioarekin kontaktuek segitzen dute, baina ez da persperktibarik pauso gehiagorako». Aurki mobilizazio gehiago antolatuko dituztela iragarri du, besteak beste Jakes Esnal eta Unai eta Jon Kepa Paroten kasuak konpon daitezen.