Koronabirusaren izurriari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak erabakitako larrialdia amaitu da. Hala erabaki du gaur Labi aholku batzordeak. Nafarroan joan zen astean bezala, salbuespen neurriak bertan behera geratuko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur bildu da Labi azken aldiz, Iñigo Urkulluk esan duenez, eta bileraren ostean mintzatu da hedabideen aurrean, galderarik gabeko agerraldi batean, Gasteizen.
«Ostegunetik aurrera, osasun zaintza fase berria hasiko dugu», esan du Urkulluk. Egoera aldatzea ekarri duen tresna nagusia txertoa izan dela nabarmendu du. Gaineratu du Labi batzordea larrialdia amaitzearekin bat datorrela. Adituek atzo zabalduriko txostenaren ondorioak irakurri ditu Urkulluk. Noizbehinkako agerraldiak sortu arte, kutsadura prozesua egonkortu dela adierazi dute adituek. Zalantzarik gabe egoerak onera egin duela azaldu dute, baina ohartarazi dute horrek ez duela arazoa amaitu. Adituek ohartarazi du birusak mutatzen jarraituko duela eta planetaren hainbat lekuetan oso jende gutxi txertatu dela.
Ikusi gehiago:koronabirusaren bilakaera Euskal Herrian
Edonola ere, Labiren aholkuari jarriki, «indarrean zeuden neurri mugatzaileak, indarrik gabe utziko ditugu», esan du Urkulluk. Dena den, hainbat neurrik indarrean jarraituko dute: espazio itxietan eta 5.000 ikusle baino gehiagoko ahalmena dituzten lekuetan %80ko edukiera mantenduko dela esan du Urkulluk. Maskara nahitaezkoa izaten jarraituko du barnealdeetan, eta, kanpoan, ezin denean tartea gorde. Orain arte bezala, beraz, horri dagokionez.
Eskerrak eman dizkio Urkulluk euskal gizarteari, izaniko portaerarengatik. Horretan nabarmendu du txertaketa datuak. Lehendakariak zerrendatu ditu Jaurlaritzak harturiko neurriak, eta adierazi du inguruko eskualdeetan baino neurri mugatzaile gutxiago hartu dituztela. «Hau lorpen kolektiboa izan da». Ondoren zerrendatu egin ditu laguntzen nabarmendu diren erakundeak.
Ikusi gehiago: herriz herriko egoera
Larrialdi egoerarik gabe, desegingo da pandemiak eztanda egin zuenetik lanean izan den batzordea. Urkulluk ez du gehiago deituko, alegia, eta, beraz, gaur eduki du azken bilkura. «Orain Labi bere berezko gunera itzuliko da, Segurtasun Sailera». Labin parte hartu duten ordezkariak Urkulluren agerraldian egon dira, eta horiei ere eskerrak eman dizkie. «Itxaropen garai berri bat ireki da», esan du Urkulluk, amaitzeko. «Bihotz-bihotzez, eskerrik asko».
Urkulluz gain, bileran izan dira, halaber: Josu Erkoreka, lehen lehendakariordea eta Segurtasuneko sailburua; Olatz Garamendi, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua; Gotzone Sagardui, Osasun sailburua; Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburua eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea; Jokin Bildarratz, Hezkuntza sailburua; Iñaki Arriola, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua; Javier Hurtado, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua; Jose Luis Quintas, Osasun sailburuordea; Rosa Perez, Osakidetzako zuzendari nagusia; Ramiro Gonzalez, Markel Olano eta Unai Rementeria ahaldun nagusiak; Gorka Urtaran Eudeleko presidentea, Juan Mari Aburto eta Eneko Goia, hurrenez hurren, Bilboko eta Donostiako alkateak; Denis Itxaso, Espainiako Gobernuaren ordezkaria; eta Jonan Fernandez, Covid-19aren Batzorde Teknikoko Koordinatzailea.
Iñigo Urkulluk joan den astean adierazi zuenez, Jaurlaritzak argi du zein den larrialdi egoera indargabetzeko baldintza nagusia: «Bilakaera epidemiologikoa positiboa izatea». Hala zehaztu zuen lehendakariak ostiralean. Hain zuzen, izurritearen eboluzioak esperotako bidea hartu duela azaldu du gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Adierazi duenez, jadanik gaindituak dira «pandemiaren une zailenak», eta, beraz, erdietsiak dira «helburu nagusiak»: bai birusaren hedapena oztopatzea, bai osasun sistemako presioa arintzea. Zupiriak ez du aurreratu Labik zer ebatziko duen. Hala eta guztiz ere, iradoki du beste garai bat hasteko ordua dela: «normaltasun berri bat» hasteko garaia dela aipatu du.
«Ongi etorria izan dadila»
Labik zer ebatziko esperoan ziren legebiltzarreko talde politikoak ere. Besteak beste, EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek azaldu du erabakia komunitate zientifikoak hartu beharrekoa dela. «Uste badute eta babesten badute neurriak bertan behera uztea edo arauak partzialki arintzea egokia dela, ongi etorria izan dadila erabakia». Nabarmendu du epidemiologoena eta osasun adituena dela hitza: «haiek zehaztu behar dute arriskutik kanpo garen, eta, beraz, lasaiago ibil gaitezkeen edo ez»