Facebookera, Instagramera edota Whatsappera konektatu ezinda ibili zara? Lasai, ez zara bakarra izan eta. Mundu osoko erabiltzaileak izan ziren arazo berarekin atzo, 17:30etik. Antza, zerbitzarien konfigurazioan izandako aldaketa batzuen ondorioz gertatu da konexioaren galera. Gauerdirako minutu gutxi falta zirela hasi dira aplikazioak berriz ere funtzionatzen.
Egoera ikusita, Mark Zuckerberg buru duen talde erraldoiak «barkamena» eskatu du, eta informatikan aditu diren askok eta askok adierazi dute giza akats bat dagoela gertatutakoaren atzean. Alde horretatik, batzuek uste dute Facebookeko langile batek egin duela hori, eta nahi izan gabe ezabatu dituela zerbitzarietako zenbait datu. Ondorioz, konpainiak Interneten dituen zerbitzuak desagertu egin dira, inoiz existitu izan ez balira bezala.
Facebookeko arduradunek Twitter bidez eman behar izan zuten etenaldiaren gaineko informazioa. Erabiltzaileak lasaitzen ahalegindu ziren. Adierazi zuten bazutela arazoen berri, eta lanean zebiltzala zerbitzuak euren onera itzul zitezen. Lehen azterketen arabera, bazirudien akatsa Interneteko joan-etorria bideratzeko ezinbestekoa den azpiegitura batean zegoela, hau da, hiru aplikazio horientzat lanean ari diren DNS domeinu izenen zerbitzarietan. Horiek itzultzen dituzte URL helbideak (www.facebook.com, esaterako) makina batek uler dezakeen IP identifikadore gisa. DNSak ez zuen erantzuten, eta horren ondorioz, Facebooken eta beste aplikazioen zerbitzariak Internetetik ezkutatu egiten dira.
Facebookek barkamena eskatu zuen arazoa konpondu ondotik.
To the huge community of people and businesses around the world who depend on us: we're sorry. We’ve been working hard to restore access to our apps and services and are happy to report they are coming back online now. Thank you for bearing with us.
— Facebook (@Facebook) October 4, 2021
Arazo ezberdinak zituen sare sozial bakoitzak: Facebooken ezin zen sartu, Whatsappen ezin zen mezurik bidali edo jaso, eta Instagramen ezin zen horma berritu.
Instagramen kasuan, azken hilean izan duen antzeko bigarren arazoa da. Aurrekoa irailaren 4an izan zuen. Facebookek, berriz, sekula izan duen konexio arazorik handiena 2019ko martxoan izan zuen; ordukoan, 22 orduz egon zen erabili ezinda.