Mikel Urrutikoetxea Lau eta Erdiko txapelketako final-laurdenetako ligaxkan izango da. Aitortu duenez, konfiantza falta zuen; azken txapelketak ez zaizkio nahi bezala atera, baina gaur ez du horren itxurarik eman. Nagusitasunez gailendu zaio Victor Estebani (22-7).
Bere erritmoa ezarri du bizkaitarrak, eta arlo guztietan gailendu da. Aitortu du bere asmoa hori zela, Victorrek bere jokoa ezin egin ahal izatea. Gaurkoa neurketa berezia zen errioxarrarentzat; izan ere, duela hiru hilabete eskas itzuli zen profesionaletara. Esan du hasieratik gaizki sartu dela partidan, eta gero ez duela nahi zuen bezala jokatu: «Erraztasun handiak eman dizkiot Mikeli; ez du gauza handirik egin behar izan niri irabazteko».
Urrutikoetxeak Jakaren aurka jokatuko du multzoko lehen neurketa. Lasok eta Ezkurdiak osatzen dute multzo indartsu hori. Beste multzoa, berriz, bihar geratuko da zehaztuta. Danel Elezkanok eta Peio Etxeberriak Tolosan (Gipuzkoa) jokatuko dute. Irabazleak Altuna III.a, Oinatz Bengoetxea eta Aitor Elordi izango ditu multzokide. Elordi herenegun sailkatu zen, etxean, Iñaki Artolari 22-16 irabazita. Altuna III.a izango du aurkari lehenik.