Athleticentzat izan da San Mamesen Alavesen aurka jokatutako derbia: 1-0. Raul Garciak sartu du gola, 44. minutuan. Bizkor ateratako korner batean izan da. Nafarrak ezustean harrapatu du arabarren atzealdea. Hala, 5. minutuan huts egin duen penaltiaren arantza kendu du. Lehen zatian, Athletic hobea izan da; bigarrenean, berriz, Alavesek estutu egin du. Baina argitasuna falta izan zaio. Jokoa baino gehiago, intentsitatea izan da zelaian.
Iñaki Williamsek 203. partida jokatu du erreskadan ligan, eta, hala, Juanan Larrañagaren marka gainditu du. 2016ko apirilaren 20ean Athleticek Atletico Madrilen aurka San Mamesen jokatutako neurketatik ez du bakar ere galdu. Hala, Williamsi omenaldia egin diote neurketa hasi aurretik. Hain zuzen ere, harena izan da partidako lehen aukera garbia, 4. minutuan. Pase sakon bat jaso du, Pachecori iskin egin, eta gola egitetik gertu egon da. Baina Ximo Navarrok ondo kendu dio baloia.
Athletic, zaleek hauspotuta, bizi-bizi zelairatu da. Partidaren aginte makila harena izan da, zuzen jokatuz. Partidaren hastapen horretan Muniainek min handia egin du lerro artean. Alavesek nahikoa lan zuen eusteko. Williamsen aukera garbitik ia segidan, Vivianek korner bat errematatu du buruz, eta baloiak Ximoren eskuan jo du. Del Cerro Grande epaileak zalantza izan du, eta VARa ikustera joan da. Azkenerako, penaltia adierazi du. Raul Garciak jaurti du, baina Pachecok geratu du.
Kolpea izan da huts egitea zuri-gorrientzat, eta hurrengo minutuetan zertxobait behera egin dute. Alaves, berriz, patxadaz, neurketan sartzen joan da. Ez zuen presarik, eta haren intentsitatea jaitsi nahi zuen. Baina ez du guztiz lortu, eta Athleticek berriro hartu du lehiaren kontrola. Hiru aukera izan dute aurreratzeko. Baina Muniainek, Williamsek eta Vivianek ez dute asmatu. Hain zuzen, Vivianen errematea kornerrera joan da. Athleticek bizkor atera du, motzean, eta ezustean harrapatu du Alaves. Lekueren erdiraketa ederki errematatu du Raul Garciak, Pachecoren atea zulatuz. Hala, penaltiaren huts egin izanaren arantza kendu du nafarrak.
Alaves, hobera
44. minutua zen, eta hala amaitu da lehen zatia. Bigarrenari ere hobeto ekin dio Athleticek, intentsitatez, nahiz eta Riojarena izan den lehen aukera. Marcelineronek partida erabakitzeko bi aukera izan dituzte. Baina Williamsek ez du asmatu. Callejak arriskatu beharra zuen, eta aulkian zituen bi aurrelari petoak zelairatu ditu: Joselu eta Guidetti. Pixkanaka, arabarrak Unai Simonen atera gerturatuz joan dira. Athleticek pauso bat egin du atzera, eta zailtasunak izan ditu baloia ateratzeko. Gainera, Callejarenek geldikako jokaldiak baliatu dituzte presioa areagotzeko.
Athletic ez zegoen eroso, eta sufritzen ari zen. 20 minutu falta ziren lehia amaitzeko. Denbora gehiegi beste pauso bat atzera eman eta kontraerasoan jokatzeko. Baina Alavesi lerro arteko jokoa eta pazientzia apur bat falta zitzaion aukera garbiak sortzeko. Hori lortzeko asmoz, Manu Garcia atera da. Haatik, Alavesek ez du partida berdintzea lortu. Horretarako aukera askorik ez du izan. Argiena Pellistrik, arauzko denbora betetzeko lau minutu falta zirenean. Baina ez du asmatu. Athleticek Laguardiak Sanceti egindako penaltia eskatu du. Baina epaileak ez du adierazi. 1-0 amaitu da partida. Athletic Europako postuei begira jarri da, eta Alavesek behekoetan segituko du. Hurrengo asteburuan ligak etena izango du.