Eroski taldeak lehen seihilekoko kontuak itxi ditu 2021eko uztailaren 31n, eta 42 milioi euroko emaitza positiboa izan duela jakinarazi du. Aurreko urteko lehen seihilekoan, 48 milioikoa izan zen, hau da, %12,5 handiagoa, baina COVID-19aren eraginez lortu zuen orduan emaitza handi hori.
Osorik hartuta, taldea 2.248 milioi euroko negozio zifrara iritsi da urteko lehen seihilekoan, eta 2019ko ekitaldiko salmentak berdindu ditu, nahiz eta bidaia negozioen eta gasolindegien jarduerak beheraldia izan duten pandemiaren aroan. Nabarmentzekoa da elikagaien arloa
—gasolindegirik gabe—, 2.113 milioi euroko fakturazioa izan duela; 2019ko epe beraren aldean %2,4ko hobekuntza da hori.
Negozioaren eboluzioa adierazten duen indikatzaileak, etekin operatibo korronteak, 105,9 milioi euroko emaitza islatu du 2021eko urtarriletik ekainera. Horrek esan nahi du %63 hobetu duela pandemia aurreko mailarekin alderatuta.
"Lehen seihilekoko salmenten eboluzioari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu pandemiak nolako eragina izan duen etxean elikagai gehiago kontsumitu zirelako, nahiz eta eragin horren joera behera doan orain", azaldu du Eroskiko presidente Agustin Markaidek; "Emaitzek erakusten dute egoera berria: nahiz eta 2020ko epe berarekin alderatuta emaitza azpitik dagoen, nabarmen gainetik dago 2019koarekin alderatuta. Bi urte hauetan hartutako neurriak direla medio lortu dugu hori; izan ere, sarea eraginkorragoa da orain, eta dendak erakargarriagoak".
Inbertsioak eta zorra
Urtearen lehen zatian, Elorriko banaketa taldeak 48,8 milioi euro inbertitu ditu, batez ere 91 supermerkatu birmoldatzeko eta 32 saltoki berri irekitzeko: bost supermerkatu propio eta 27 saltoki frankizia eran. Horrez gain, mugarri operatibo garrantzitsutzat jo du Eroskik produktu freskoen arloan Jundizko plataforma inauguratu izana, Gasteizen. Azpiegitura horrekin "ipar eremuko freskoen plataformen mapaberria" bukatu du.
Zorrari dagokionez, 75 milioi euro amortizatu ditu urteko lehen sei hilabeteetan; aintzat hartu gabe seihilekoa amaitu ondotik (irailean), Supratuc elkarterako egindako kreditu amortizazioak.
Eroski S. Coop, taldeko kooperatiba matrizak, 22,1 milioi euroko etekina izan du, bestalde. Salmenta kopurua 908 milioi eurotara iritsi da; hau da, %5,4 igo da 2019ko ekitaldiko lehen seihilekoaren aldean.
Eroski lehen banaketa kooperatiba da Iberiako penintsulan, eta liderretako bat Hego Euskal Herriko, Galiziako, Kataluniako Espainia iparraldeko merkatuetan. 1.624 saltokiko sare komertziala du, eta sei milioi bezero bazkide baino gehiago. Lantaldean 33.000 bazkide kooperatibista, soldatapeko eta frankizia-hartzaile daude.