Alderdiak

Sortuk 'Herrigaia' txostena aurkeztu die militanteei

«Ariketa kolektibo erraldoi baten emaitza» da Nazio Kontseiluak kongresu prozesurako aurkezturiko txostena, Sorturen hitzetan. 7.900 lagunek baino gehiagok eman dute izena eztabaidarako,eta datozen asteetan 140tik gora auzo eta herritan eginen dituzten batzarretan arituko dira.

Sorturen azken kongresua, 2017an, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko irailaren 29a
18:05
Entzun

«Ariketa kolektibo erraldoi baten emaitza» den txostena aurkeztu dio gaur Sorturen Nazio Kontseiluak militantziari: Herrigaia. Eta, horrekin, hasiera ofiziala eman diote hainbat hilabete iraun duen kongresu prozesuari. Abian eta Zohardia txostenen ondotik ailegatu da Herrigaia, baina ez da oraindik behin betiko dokumentua: datozen asteetan 140tik gora auzo eta herritan eginen dituzten batzarretan eztabaidatuko dute, eta osoko zein atalkako zuzenketak egiten ahalko dizkiete kongresu prozesurako izena eman duten militanteek: 7.900 lagunek baino gehiagok.

2017ko urtarrilean egin zuen Sortuk azken kongresua, eta oraingoa aurtengo urtarrilean egitekoa zen berez: pandemiaren ondorioz, ordea, urtebetez gibelatu zuten. 2022ko urtarrilaren 22an emanen diote akabera, eta zuzendaritza berria ere orduan aurkeztuko dute.

Nazio Kontseiluak azaldu duenez, Herrigaia txostena idazteko «500 militante erreferentzialengana» jo zuten lehenbizi, eta «buruz buruko elkarrizketa sakonak» izan zituzten haiekin: «Banan-banan bildu eta iritziak eta kezkak jaso genituen». Ekainaren 19an Atarrabian (Nafarroa) egindako nazio batzarrean onartu zuten iritzi horien araberako balantzea, %76,3ko babesarekin. Azaldu dutenez, orduan onartu zituzten kongresu prozesuaren araudia eta berme batzordea ere, %77,9ko eta %80,8ko babesarekin, hurrenez hurren. Ondotik, bertze bi «saio erabakigarri» egin zituzten militanteekin, udan: 470 militantek parte hartu zuten horietan, eta, Nazio Kontseiluaren hitzetan, han izandako eztabaidak «funtsezkoak» izan ziren Herrigaia txostenaren «oinarriak» finkatzeko.

Atarrabian onarturiko balantzeak biltzen duenez, «estrategia aldaketatik» hona «mugimendu gisa» egiten ari diren «trantsizio luze eta korapilatsuan» urrats «garrantzitsuak» egin dituzte azken lauzpabortz urteotan, eta independentistmoa «eragile garrantzitsua» da «agertoki politikoan». Ordea, «nazio taupadaren ahultzea» sumatzen dutela ere jaso dute, baita «mugimendu eraldatzaileen artikulazioan indarren sakabanaketa handia» ere. Hori ikusirik, «jauzi» bat eman beharra nabari du Sortuk, «Euskal Herriak behar duen susperraldia bultzatu eta burujabetzarako bidea azkartzeko», horretarako «ezker abertzalearen komunitate historikoa» aktibatuta. «Konpromiso feministan» ere sakondu nahiko lukete kongresuaren bidez.

Epeak eta zuzenketak

Irailaren 15ean bukatu zen kongresu prozesuan izena emateko epea, eta, behin Herrigaia txostena aurkeztuta, hari osoko zuzenketak egiteko aukera zabalduko dute gaurtik urriaren 24ra arte. Espero izatekoa da ezker abertzaleko hainbat kidek txosten alternatibo bat aurkeztea: Lurrari lotuz. «Herrigintzaren ildoa indartzeari» emanen dio lehentasuna ildo horrek, Joseba Alvarezek irail hasieran BERRIAn argitaraturiko iritzi artikuluan azaldu zuenez.

Urrian eginen dituzte herri batzarrak, eta azaroaren 19tik 21era bozkatuko dituzte osoko zuzenketak. Zuzenketa partzialak, berriz, abenduaren 17tik 19ra bozkatuko dituzte. Nazio Kontseiluaren hautagaitza abendu akaberan aurkeztuko dute, eta urtarrilaren 5era arte emanen dute bertzelako hautagaitzak aurkezteko aukera. Urtarrilaren 19tik 21era bozkatuko dute nor izanen den Nazio Kontseiluaren parte, eta ekitaldi batekin emanen diote akabera kongresuari, ilbeltzaren 22an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.