ETBk ez du Guardia Zibilarekin «lankidetza orokorrik», eta zuzendaritzak ez zuen jakin kazetari bat erakunde horren ontzi batera igoko zenik pantailan ikusi arte. Horrela erantzun dio gaur Andoni Aldekoa EITBko zuzendari orokorrak Eusko Legebiltzarretik eginiko galderari.
Gertaera uztailaren 27an jazo zen. Pasaiako itsasaldean arrantza sare zahar arriskutsu bat atera zuten itsas azpitik. Operazioan, besteak beste, Eguzki talde ekologistak, BuceoDonosti urpekari taldeak, AZTI itsas ikerketa institutuak eta Gurutze Gorriak hartu zuten parte, hainbat ontzirekin. Guardia Zibilak dauka merkataritza portuen eta kosten zaintzaren inguruko eskuduntza, eta patruila ontzi bat bidali zuen ekinean jardutera. ETBko kazetari taldea Guardia Zibilaren ontzira igo zen operazioaren berri emateko, eta kameren aurrean aritu zen esataria Guardia Zibilaren txaleko bat jantzita agertu zen albistegian.
Irudiak zeresana eragin zuen sare sozialetan, eta EH BIlduko Gasteizko legebiltzarkide Josu Estarrona Elizondok iragarri zuen galdera egingo ziotela EITBren zuzendaritzari gertaeraren inguruan. «Pasaian ez da egongo, ez, beste itsasontzi edo txaluparik gai honen inguruan informazioa emateko».
Mira si hay redes en este país donde la Guardia Civil es protagonista. Baina honetan... EiTB, mesedez.
— Josu Estarrona Elizondo (@Josu_Estarrona) July 28, 2021
Pasaian ez da egongo, ez, beste itsasontzi edo txaluparik gai honen inguruan infoa emateko.
Kontuak eskatu ditugu parlamentuan eta administrazio kontseiluan.📠pic.twitter.com/RJj3F60ann
Kazetariak zergatik igo ziren Guardia Zibilaren ontzira, eta beste aukerarik ez ote zuten galdetu zion Estarronak EITBren zuzendaritzari. Horrez gain, informazio zerbitzuetako buruek ba ote zekiten kazetariak haien ontzitik arituko zirela, eta telebista publikoko zuzendaritzak irudiak zabaldu aurretik ikusi ote zituen galdetu zion. «Egokia iruditzen al zaio zuzendari nagusiari ETB Komunikazio Taldearen elkarlana Guardia Zibilarekin?».
Gaur jaso du legebiltzarkideak Aldekoaren erantzuna. Horren arabera, ekinbidearen berri Eguzkiren berri eduki zuen ETBk. «Albistea emateko, eta deialdiari erantzuteko, talde ekologistako kideekin batera, EITBko profesionalak itsasontzira igo ziren», idatzi du erantzunean. Halako egoerak «mota guztietako erakunde eta kolektiboekin» gertatzen direla azaldu du Aldekoak, «baina horrek ez du esan nahi lankidetza orokorrik dagoenik».
EITB ez zen Guardia Zibilarekin harremanetan jarri, azaldu duenez. «Kazetaria pantailan ikusi arte, informazio-zerbitzuek ez zekiten kazetaria, kamera eta audio operadorea zein ontzitara igo ziren», gaineratu du. «Albistearen berri ematera joan zen taldeko inork ez zion editoreari deitu, ezta arloko bururik eta ETBko zuzendaritzako kiderik ere».