Filipinak

Manny Pacquiaok boxeoa utzi du, eta presidentetzarako hautagai izango da

Zortzi kategoriatan munduko hamabi garaikur eskuratu dituen boxeolari bakarra da filipinarra. Duela hamar egun aurkeztu zuen 2022ko hauteskundeetarako bere hautagaitza.

Manny Pacquiao, joan den astean, hauteskundeetarako bere hautagaitza aurkezten. @MANNYPACQUIAO
Paulo Ostolaza.
2021eko irailaren 29a
12:24
Entzun

Boxeoaren munduan mito bat da Manny Pacquiao, baina ez du gehiago borrokatuko. Ez, behintzat, ringaren gainean. Hurrengo lehia hauteslekuetan jokatuko du 42 urteko boxeolari ohiak, 2022ko Filipinetako presidentetzarako bozetan. Duela hamar egun iragarri zuen haietara aurkeztuko zela, eta gaur, berriz, boxeoa utziko duela.

Pacmanek sare sozialetan argitaratu duen bideo batean eman du erabakiaren berri: «Sekula hartu dudan erabakirik zailena da, baina bakean sentitzen naiz. Borrokatu zuen ametsengatik, egin lan gogor, eta ikusiko duzue zer gertatzen den», esan du, eskerrak eman aurretik boxeoari, jarraitzaileei, eta, batez ere, bere entrenatzaile izan den Freddie Roachi. Bideoan ingelesez eta tagaloz hitz egiten du Pacquiaok.

Boxeoak azken urteetan izan duen izar nagusietako bat da, eta milioika lagunek idolotzat daukate Filipinetan. Zortzi kategoriatan munduko hamabi gerriko eskuratu dituen boxeolari bakarra da, nahiz eta 26 urterekin ekin zion bere ibilbide profesionalari. Azkar egin zuen gora filipinarrak, baita haren ospeak ere. Denera 62 garaipen lortu ditu profesionaletan, haietako 39 aurkaria K.O. utzita; bi borrokatan berdindu du, eta zortzitan galdu.

Porrot horietako bat inoiz egin den borrokarik famatuenetako batean izan zen, 2015ean, Floyd Mayweather estatubatuarraren aurka borrokatu zenean. Ikusmin handia eragin zuen borroka hark, eta telebista eskubideetan soilik 350 milioi euro baino gehiago sortu zituen. Bere azken borrokan ere galdu egin zuen, joan den abuztuaren 21ean, Las Vegasen, Yordenis Ugas kubatarraren aurka.

Boxeolari bikaina izateaz gain, balioaniztuna izan da Pacman, eta horren erakusgarri da zortzi kategoriatan munduko txapeldun izan dela: gerriko hori eskuratu du euli pisuan, superoilar pisuan, luma pisuan, superluma pisuan, pisu arinean, pisu superarinean, welter pisuan eta superwelter pisuan.

Duterte: lehen lagun, orain etsai

Aurtengoa ez da Pacquiao politikan arituko den lehen aldia, hamar urte baino gehiago baitaramatza boxeoa eta jardun politikoa uztartzen. Filipinetako kongresuko kide hautatu zuten 2010ean, eta senatari 2016an.

Betidanik Rodrigo Duterte presidentearen aliatua izan da boxeolaria, joan den ekainean aurkari bihurtu ziren arte. Pacquiaok gaitzetsi egin zuen Filipinek Txinarekin zuten harremana, eta ustelkeria kasuak salatu zituen. Politikoki, ordea, Duterterekin bat egiten du gai askotan: iraganean argi utzi izan du ezkontza homosexualen aurka dagoela, eta heriotza zigorraren alde agertu izan da, zeina ez baitago ezarrita Filipinetan.

Orain bi joera daude Filipinetako Alderdi Demokratikoaren barnean: Pacquiaoren aldekoa, eta Christopher Bong Goren aldekoa. Duterte da Goren hautagaitzako presidenteordea, eta, kritikoen arabera, mugimendu horri esker agintzen jarraitzeko asmoa du egungo presidenteak.

Bere hautagaitza aurkeztean, herritar pobreenen alde egingo zuela azpimarratu zuen Pacmanek: «Zapalduek irabazteko garaia da, azken urteetan gehien sufritu dutenek irabaztekoa». Azken urteetan ezer ez dela aldatu gaitzetsi zuen, eta esan zuen horregatik egin duela hautagaitza propio bat aurkezteko hautua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.