HILBERRIA

Josetxo Zaldua kazetaria zendu da

Elizondon sortu zen, baina Ipar Euskal Herrira errefuxiatu zen gero, ETAko kide izatea leporatu zioetenean. 1980ko hamarkadan Mexikora joan zen, eta La Jornada egunkarian aritu zen han, kazetari eta edizio arduradun.

Joxetxo Zaldua, 2016an, 'La Jornada' egunkariko erredakzioan. IGOR SUSAETA
2021eko irailaren 29a
11:33
Entzun

Egin egunkarian egin zituen lehen urratsak, argazkilari gisa, baina Ipar Euskal Herrira joan behar izan zuen segidan, 1978an, ETAko kidea izateaz akusatuta. 1980 bukaeran iritsi zen Mexikora, eta han kazetari eta edizio arduradun aritu da hainbat urtez, La Jornada egunkarian. Josetxo Zaldua kazetaria atzo zendu zen (Elizondo, Nafarroa, 1951 - 2021), eritasun baten ondorioz, 70 urte zituela, La Jornada egunkariak berak jakinarazi zuenez. Kazetak jakinarazi duenez, hedabideko «zutabe» zen Zaldua, eta «erreportari eta argazkilari belaunaldi oso baten irakasle».

BERRIAk 2016an egin zion elkarrizketan adierazi zuenez, Mexikora iritsi zenean hasi zen bere bizitza «berreraikitzen». Berehala lana topatu zuen Unomasuno egunkarian, eta 1984an La Jornada sortu zuen, beste kide batzuekin batera. 1983tik 1990era, berriemailea izan zen Erdialdeko Amerikan, bertzeak bertze Nikaraguan; 1990etik 1995era, Latinoamerika osoan. Egunkariaren edizio arduraduna izan zen 1996tik.

Orduan BERRIAri erran zion eskertuta zegoela bizitzarekin, «zorte oso ona» eduki zuela iruditzen zitzaiolako, eta oso eskertuta Mexikorekin ere. Euskal Herria gertutik jarraitzen zuen, ordea. Honela adierazi zuen elkarrizketan egoera politikoaz: «Politika egin behar da. Batez ere, Euskal Herrian; asko baitago egiteko. Ez ginen soilik okertu, beharbada, borroka armatua luzatzean. Okertu ginela pentsatzen dutenetakoa naiz, baina tira: egindakoa eginda dago, eta horren gainean lan egin behar da. Guk, independentistok, politika egiten ikasi beharra daukagu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.