Sagarduik dio kirol zelaien edukiera ez dela %100era handituko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Osasun sailburuak adierazitakoaren arabera, Jaurlaritzak bizkarra emanen dio Osasun Sistemaren Lurralde Kontseiluak ebatzitakoari. Kontseiluak %100era handitu du edukiera toki irekietarako, eta %80ra estadio itxietarako. Urkulluk datorren astearterako deitu du Labi batzordera.

Osasunaren zaleak Sadar futbol zelaian. VILLAR LOPEZ, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 29a
09:39
Entzun

Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde Kontseiluak jakinarazi duenez, ostiralean bertan behera geldituko dira toki irekietan diren kirol zelaietan eta bestelako azpiegituretan orain arte edukiera baldintzatu duten mugak. Hala, ordutik aurrera edukiera osoa erabiltzen ahalko da Hego Euskal Herriko zelaietan, futbol estadioetan esaterako. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzak beste bide bat hartuko duela iragarri du Osasun sailburu Gotzone Sagarduik: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dituzte zelaien edukierak %100era handituko, oraingoz.

Sagarduik azaldu du Osasun Sistemaren Lurralde Kontseiluak gehienezko mugak baizik ez dituela zehazten, eta, beraz, nabarmendu du Jaurlaritzak baduela beste muga batzuk zehazteko eskumena. Hain zuzen ere, gai honen gainean ika-mikak izan ziren Jaurlaritzaren eta epaileen artean, irail erdialdean. Orduko hartan, EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki zuen %60ra handitzea futbol zelaietako gehienezko edukiera, Jaurlaritzak %30ekoari eutsi nahi zion arren.

Bestalde, Espainiako Osasun Ministerioak argitaratu duenez, toki itxietan diren zelaietan %80ekoa izanen da gehienez erabiltzen ahalko den edukiera ostiraletik aurrera. Edonola ere, Carolina Darias Osasun ministroak oroitarazi du maskara erabiltzea derrigorrezkoa izanen dela aurrerantzean ere, eta debekatua izanen dela gune horietan jatea edo edatea.

Labi urriaren 5ean bilduko da

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren izurritea kontrolatze aldera neurriak ezartzen dituen Labi batzordea datorren astearteanbilduko da, urriaren 5ean, egoera aztertu eta indarrean izanen diren arauak zehazteko; hala zehaztu du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk. Arratsaldeko lau eta erdiak aldera aldera eginen dute bilkuraren ondoko prentsaurrekoa.

Dena dela, lehendakariak ez du argitu batzordera deituko duen azken aldia izanen den edo ez: «Ezin dut aurreratu. Kontseilu zientifiko-teknikoaren ebazpenaren zain nago». Aukera hori zabalik da gaur egun, litekeena baita Jaurlaritzak bertan behera uztea osasun larrialdia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.