Politika

Estatus politiko berri baten beharra azaleratu du Olanok

Gipuzkoako Batzar Nagusietan politika orokorreko saioa egin dute. Olanoren arabera, Espainiako Gobernuak ikuspegi zentralizatzailea erabili du pandemiaren eta Europako funtsen kudeaketan, eta horrek «areagotu» egin du estatus politiko berri baten beharra.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, artxiboko irudi batean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko irailaren 28a
14:28
Entzun

Gipuzkoako Batzar Nagusietan politika orokorreko saioa egin dute gaur, eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak estatus politiko berri baten beharra azaleratu du. Haren arabera, Espainiako Gobernuak ikuspegi zentralizatzailea erabili du pandemiaren eta Europako funtsen kudeaketan, eta horrek «areagotu» egin du estatus politiko berri baten beharra.

Olanok adierazi du EAEk «bide propioa» garatu behar duela «borondate demokratikoari eta bere izaera nazionalaren errespetuari bide emateko». Horrez gainera, azpimarratu du euskal autogobernuaren zilegitasuna defendatzen jarraitu behar dela, «beharrezko akordioak bilatuz», baina euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko duen borondateari «uko egin gabe».

Halaber, gobernantza kolaboratiboaren garrantzia nabarmendu du, etorkizuneko politika sozialetan eta ekonomiaren alorreko eraldaketan sakontzeko.

Oposizioa, haserre

Oposizioko taldeek, berriz, adierazi dute Olanoren mezua «azalekoa» eta «adeitsuegia» dela. Bat egin dute ahaldun nagusiarekin «batera lan egiteko» egin duen proposamenean, baina eskatu diote «zertarako» lan egin nahi duen argitzeko.

Besteak beste, EH Bilduko bozeramaile Juan Karlos Izagirrek nabarmendu du Olanok ez duela autokritika egin pandemiaren kudeaketaren inguruan, Gipuzkoa «munduan pandemiak gogorren jo duen guneetako bat» izan den arren. Gaineratu du klima larrialdia eta krisialdi ekonomikoa ere «pandemiaren aurrekoak» direla, eta ahaldun nagusiak ez duela hori onartzen.

Elkarrekin Gipuzkoako Joanes Fielek, berriz, adierazi du Olanok Aldundia bereganatu duela: «Aldundia gela beldurgarri bat bilakatu du. Bertatik lurralde osoa kontrola dezake orain, beste inori sartzen utzi gabe». Alderdi Popularreko Juan Carlos Canok, ordea, Olanori leporatu dio «ezer ere ez esateko» hitz egin duela, eta ez dituela gai garrantzitsuenak landu.

Azkenik, Susana García Chueca PSEko bozeramaileak nabarmendu du sozialistek rol garrantzitsua izan dutela diputatu nagusiak bere diskurtsoan nabarmendu duen «agenda sozialdemokratan» eta, bereziki, «enplegu duina, gizarte politikak eta klima aldaketaren aurkako borrokan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.