13/13 AUZIA

Psikologoek sinesgarritasuna eman diete Saioa Agirreren eta Naia Zuriarrainen tortura testigantzei

Olatz Barrenetxea eta Haizea de la Llosa psikologoek 13/13ko auzipetuei Istanbulgo Protokoloa nola aplikatu zieten azaldu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Urriaren 29an segituko du epaiketak.

maddi ane txoperena iribarren
2021eko irailaren 27a
12:49
Entzun

13/13 epaiketak bertze saio bat izan du gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean. Peritu gehiagok deklaratu dute: grafologian, hatz marketan eta DNA probetan adituak diren zenbait poliziak, eta Olatz Barrenetxea eta Haizea de la Llosa psikologoek. Azken bi horiek Saioa Agirreren eta Naia Zuriarrainen psikologoak izan ziren, eta haiek aplikatu zietenIstanbulgo Protokoloa, zeina tortura testigantzen egiatasuna aztertzeko ezartzen den. Biek eman diete sinesgarritasuna 13/13 auzian torturak salatu zituzten auzipetuei: adierazi dute protokoloaren araberako hamar adierazleak «sendoak» izan zirela bien kasuan.

Agirreren psikologoa izan zen Barrenetxea, eta azaldu du trauma ondorengo estresa eta «depresio arina» zituela etorri zitzaiola Agirre kontsultara, 2011n: «Justu orduan Istanbulgo Protokoloaren metodologia zorrozteko ikerketa bat egiten ari ginen, eta Saioari proposatu nion parte hartzeko. Ados zegoela esan zidan». «Erdi egituratutako» elkarrizketa «luze» bat eta proba psikometrikoak egin zizkion, eta, protokoloak haren bizipenak baieztatzeaz gain, terapia ere egin zuen auzipetuak Barrenetxearekin: «Ondorioa izan zen hark kontaturikoak eta sintomek bat egiten zutela».

Gauza bertsua adierazi du De la Llosak Zuriarrainen egoeraz. Haren kasuan, Eusko Jaurlaritzaren torturari buruzko ikerketaren barnean aplikatu zioten Istanbulgo Protokoloa. Emaitza bera izan zen: «Erabateko bateragarritasuna atzeman genuen ustezko torturen eta haren sintomen artean». Zuriarrainek talde terapia batean parte hartu zuen ondotik, «trauma bera eta haren ondorioak» artatzeko.

Urriaren 29an

Hurrengo auzi saioa urriaren 29an eginen dutela adierazi du Angela Murillo epaileak. Azaroaren 3rako eta 4rako ere deitu dute auzi saioetara. Espero da orduan ematea epaiketaren ondorioak eta alde bakoitzaren argudioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.