Legez besteko proposamen bat aurkeztu du koalizioak Eusko Legebiltzarrean. Parlamentuak Kalera Info aldizkariaren eta webgunearen itxiera arbuiatu dezan eskatu du bertan. Audientzia Nazionalaren «hamaikagarren erasoa» dela esan dute, «adierazpen eta iritzi askatasunaren eta politikan parte hartzeko eskubidearen aurka».
Formazio subiranistak azpimarratu du hedabideen itxiera ez dela «fenomeno berria» eta Espainiako estatuaren izaera antidemokratikoa aspalditik datorrela. Horren harira, Madrilgo Gobernuari eskatu dio Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna sinatzeko, eta errespetatzeko adierazpen, iritzi eta informazio askatasunak.
Era berean, koalizioak Eusko Jaurlaritzari galdegin dio Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleen «oinarrizko eskubideak» defendatzeko, eta «bide politiko eta judizialak» erabiltzeko horretarako.
2017an sortu zen Kalera Info, eta hiru hilean behin argitaratzen da. Presoen eta haien ingurukoen informazioa ematen du: epaiketena, eta kartzelen arteko leku-aldatzeena, besteak beste. EH Bilduk adierazi du itxiera Espainiako Audientzia Nazionalaren eraso bat dela, alderdi politiko baten jarduera komunikatiboaren aurkakoa. Are gehiago, informazio askatasuna «bortxatu» ez ezik, mugimendu politiko oso baten aurka egiten duela.