PSE-EE

Anduezak «leialtasuna» adierazi die EAJrekiko akordioei bere hautagaitzaren aurkezpenean

PSE-EEko idazkari nagusi izateko aurkeztuko dela berretsi du. Ez da hautagai bakarra izango: Soraya Morla Basauriko zinegotzi ohia ere lehian sartu da.

Eneko Andueza, gaur, hautagaitza aurkezteko egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2021eko irailaren 24a
13:16
Entzun

«Oso egun berezia da niretzat. Gaur Euskadiko Alderdi Sozialistaren buru izateko lehen urratsa ematen dut». Hitz horiekin hasi du Eneko Anduezak bere mintzaldia gaur: PSE-EEko idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu du ofizialki, Bilbon eginiko agerraldian. «Apaltasunez eta erabakitasunez» hasi du alderdiko lidergorako bidea: «Nire onena emateko ilusioz, PSE-EE herri honetako etorkizunean giltzarri izan dadin». Sozialistek azaroaren 20an eta 21ean egingo duten kongresuan ebatziko dute nor izango den alderdiko buru, baina Andueza ez da bakarrik egongo lehian: Basauriko (Bizkaia) zinegotzi ohi Soraya Morlak jakinarazi du hautagai izateko asmoa duela.

Egungo idazkari nagusi Idoia Mendiaren «eskuzabaltasuna eta zintzotasuna» goraipatu ditu Anduezak, eta haren bideari jarraitzeko prest agertu da. Hain zuzen, Mendiak asteartean esandakoaren ildo berean, PSE «euskal politikaren ardatza» dela uste du Anduezak ere, baina berdintasunean eta eskubideetan «sakontzeko» premia adierazi du. Era berean, «euskal ezkerraren espazioa zabaltzearen» alde mintzatu da, eta «elkarrizketarako prest» agertu da. Ildo horretan, Ahal Dugurekin eta EH Bildurekin akordioak lortzeko aukeraz galdetuta, ez du aterik itxi: «Sozialistek ez dugu begiratzen akordioak norekin egin, baizik zertarako. Bide orria argi eduki behar dugu: zerbitzu publikoak indartu eta herritarren bizi baldintzak hobetzea ezinbestekoa da. Horrekin bat datozenek akordiorako prest izango dute PSE».

Halere, EAJrekin dauzkaten gobernu akordioei «erabateko leialtasuna» agertu die Anduezak. Hain justu, baliteke hori izatea PSE barruko kanpainaren eztabaida nagusietako bat; izan ere, Soraya Morlak, berri agentziei egindako adierazpenetan, auzitan jarri ditu jeltzaleekiko itun horiek, «alderdiaren esentzia galarazi» dutelakoan. Anduezak uko egin dio beste hautagaitzaz hitz egiteari, baina gobernu akordioekin «eroso» dagoela aitortu du: «Instituzioei egonkortasuna ematen badiete eta bion arteko lana onuragarria bada gizartearentzat, horretan segituko dugu. EAJrekiko akordioen bide orriak zigilu sozialista eta progresista dauka».

Jeltzaleekiko desadostasunak ere ahotan izan ditu, edonola ere. Autogobernuaren alorrean, pandemia garaiko «kogobernantza» aldarrikatu du: «Ez dugu tentsionamendu artifizial identitariorik nahi. Bere egitura politiko eta juridikoa errespetatuko duen Euskadi bat nahi dugu, aniztasun politikoa eta bizikidetza babestuko duena, Espainiarekin erlazio federala izango duena eta XXI. mendeko pauso politikoak emango dituena».

Gipuzkoako PSEko buru

Ibilbide luzea egina du Eneko Anduezak PSEren barruan: Gipuzkoako idazkari nagusia da 2017tik, eta alderdiak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea legegintzaldi honetan. Eibarren (Gipuzkoa) jaio zen, 1979an, eta 18 urterekin afiliatu zen PSEn; ordutik hainbat kargu politiko izan ditu, besteak beste, Iñaki Arriolaren alboan. Alderdiaren historia izan du gogoan gaur: «Kontziente naiz erronka handia dela garai bateko gizon-emakumeen ondarea defendatzea, haiek eduki ez zuten trebakuntza eta ongizatea eskaini baitzioten nire belaunaldiko jendeari. Datozen belaunaldientzat gauza bera nahi dut: etorkizun hobea. Euskadi plural, ireki, moderno eta integratua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.