Beste gazte bat deklaratzera deitua izan da maiatzeko protestengatik

Maiatzaren 7an, Hegoaldeko lau hiriburuetan, Ernaik gazteriaren duintasunaren aldeko martxa antolatu zuen. Ernaik salatu du Ertzaintzak hainbat lagun atxilotu eta zauritu zituela Bilbon eta Gasteizen, eta orain haien aurka «bederatzi prozesu judizial» abiatu direla.

Ernaik gaur egin duen mobilizazioa. ERNAI
2021eko irailaren 24a
12:24
Entzun

Oraingoz, bederatzi gazte izan dira deklaratzera deituak. Azkena, gaur, Gasteizen. Maiatzaren 7an, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Ernaik manifestazioak antolatu zituen gazteriak bizi duen larrialdi egoera salatu eta euren duintasuna aldarrikatu nahirik. Bilbon eta Gasteizen, Ertzaintza oldartu egin zitzaien manifestariei, eta zenbait lagun atxilotuak eta zaurituak izan ziren polizien oldarriarraren ondorioz.

Gazteari babesa adierazi eta haien aurkako jazarpena salatu nahirik, Ernaiko kideak Gasteizko epaitegi aurrean elkarretaratu dira. Bertan azaldu dute Bilbon eta Gasteizen parte hartu zuten gazteen aurka bederatzi prozesu judizial abiatu direla, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu dute. «EAJk aski ondo egiten dakiena egin zuen, eta gazteon kontra oldartzeko karta zuria eman zien, hainbat atxilotu eta zauritu eraginez», gaitzetsi dute.

Maiatzaren 7ko protesta haien ondotik ere, Ernaik irmo gaitzetsi zuen Ertzaintzaren oldarraldia. Kritika haren harira, Jaurlaritzak Ertzaintzaren aurkako gorroto delitua aurpegiratu zion Ernairi. Figura juridiko hori gutxiengoan diren gizarte taldeen babeserako ezarri zen, baina Arabako Fiskaltzak kasu hura aztertuko zuela aipatu zuen.

Gaurko mobilizazioan, Ernaik aldarrikatu du gazteek mobilizatzeko aski arrazoi dituztela. Alde batetik, deitoratu dute prekaritatea jasaten dutela eta «kapital metaketarako eskulan merkeena» direla. «Espainiako Gobernua eta euskal erregionalistak dira patronalarentzat gazte esplotazioa errentagarria izatearen bermatzaileak», dio Ernaik. Bestetik, lanaz harago, bizitzaren arlo guztiak prekarizatu zaizkiela adierazi du gazte elkarteak. «Emantzipazioa ezinezko bihurtu dute, eta gure aisialdia elitizatu, harremanak ia klandestinitatera bultzatu arte».

Etorkizuna iluna dela uste badute ere, horregatik, gero hobeago baten alde borrokatzeko arrazoiak dituztela aldarrikatu dute. «Jaiotzetik krisian bizi izan garen belaunaldia ez gara bizirauteko jaio; ez gara sistemaren eraldaketa partzialekin konformatuko, antolakuntzaz eta borrokaz duintasuna irabaztera goazelako», aipatu du oharrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.