Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratuaren atxiloketak erreakzio soka luzea ekarri du Hego Euskal Herriko alderdi eta erakundeetan. Alderdi abertzaleek babesa erakutsi diote eurodiputatu independentistari, eta afera politiko bat judizializatzea deitoratu eta elkarrizketarako deia egin du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak. Carlos Iturgaiz PPko EAEko presidenteak «atsegina» agertu du atxiloketaren inguruan, eta Pedro Sanchez Espainiako presidenteari leporatu dio Puigdemonti «amnistia eman edo indultatzeko» moduaren bila aritzea.
Andoni Ortuzar EAJren Euskadi Buru Batzarreko presidenteak Twitter sare sozialean zabaldu duen mezu batean jakinarazi du Jordi Sànchez JuntsxCateko idazkari nagusiari dei egin diola Puigdemonten atxiloketaren inguruan elkartasuna adierazteko, eta presidente erbesteratua aske utzi dezatela eskatu du. Era berean, «elkartasuna» helarazi die Puigdemonti eta haren inguruari, bere eta alderdiaren izenean.
Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak elkartasuna adierazi dio Puigdemonti, eta erran du gertatutakoa «eskandalagarria» dela eta «Europako epaileek agindutakoaren aurka» doala. Espainiako Estatuak Europa eta Italia «engainatu» dituela salatu du. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak «babesa» agertu dio Italiako segurtasun indarrek Sardinian atxilotutako presidente erbesteratuari, eta «elkartasuna eta indarra» helarazi dizkio.
Tot el nostre suport president @krls
— Arnaldo Otegi ð;Â;ŸÂ”» (@ArnaldoOtegi) September 23, 2021
Solidaritat i força desde Euskal Herria.#FreePuigdemontpic.twitter.com/jFN1FVbByA
Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidentea «pozik» agertu da Carles Puigdemonten atxiloketarekin, baina Pedro Sanchez ezagututa «indultua edo amnistia nola eman» bilatuko duela ohartarazi du, «bere kide kolpista nazionalistek eskatzen duten bezala». Iturgaizek ere Twitterren eman du lehen erreakzioa.
LAB sindikatuak eskatu du berehala askatzeko Kataluniako presidente ohia. «Ez dugu uste atxiloketa hori kasualitatez egin dutenik, Kataluniako Gobernuaren eta Madrilgoaren arteko elkarrizketa mahaia zabaldu den honetan». Espainiak erabakitzeko eskubidea onartzen ez jarraitzea deitoratu du sindikatuak, eta «errepresioa ez gelditzea».
«Politika judizializatzea»
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak ostiral honetan adierazi duenez, Puigdemont atxilotu izana «arazo politiko bat judizializatzearen» ondorioetako bat da. Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Erkorekak gogorarazi du bere garaian salatu zuela, «izaera politikoko arazo bat epaitu zenean», hori ez zela «bide egokia», eta berretsi du arazo politikoek «konponbide politikoak» behar dituztela. Zentzu berean, Kataluniak behar duena «elkarrizketa» dela erran du. Haren iritziz, «logikoa» da pentsatzea presidente erbesteratuaren atxiloketak ez duela «ondorio onik» izango Espainiako eta Kataluniako gobernuek abian jarri duten elkarrizketa mahaian.