ELAk salatu du Jaurlaritzak egungo espetxe ereduari eutsiko diola

Sindikatuaren arabera, Jaurlaritzak «oraindik» ez du proposamenik aurkeztu, eta daukan jokaerak «agerian» uzten du Espainiako Estatuko ereduarekin jarraitzeko asmoa.

Euskal presoen eskubideen aldeko protesta bat, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE/FOKU
Oihane Puertas ONA
2021eko irailaren 23a
17:22
Entzun

ELAk eta Eusko Jaurlaritzak zenbait bilera egin dituzte azken asteetan, espetxe ereduari buruz hitz egiteko. Izan ere, Jaurlaritzak urriaren 1etik aurrera eskuratuko du espetxe eskumena, baina, datozen bi urteetan gaur egungo espetxe ereduari eusteko asmoa adierazi du Jaurlaritzak.

Astelehenean elkartu ziren berriro, eta, sindikatuaren arabera, Jaurlaritzak beste proposamen bat «berehala» aurkezteko konpromisoa hartu zuen. ELAk azaldu duenez, ordea, «oraindik» ez du proposamenik aurkeztu, ezta bileretara deitu ere. Sindikatuaren arabera, Jaurlaritzaren jokaerak «agerian» uzten du Espainiako Estatuko espetxe ereduari eusteko asmoa.

ELAk azaldu duenez, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua Zaballako presondegira joango da bihar, Espainiako espetxeetako zaindariaren eguna ospatzera. Sindikatuaren iritziz, ekintza horrek «estatuko ereduaren jarraipena besterik ez du irudikatzen».

ELAk adierazi du borrokan jarraituko duela Jaurlaritzak «espetxe sistema propio baten alde» egin dezan. Eredu horrek presoen gizarteratzea izan beharko du helburu, eta hori lortzeko, sistemak, «publikoa eta gizatiarragoa» izateaz gain, presoen eskubide guztiak «zorrotz» errespetatu beharko ditu. Sindikatuaren arabera, horrelako eredu bat lortzeko «ezinbestekoa» da langileentzat lan baldintza duinak bermatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.