EAJk igandean, irailak 26, ospatuko du 45. Alderdi Eguna, Forondako zelaietan (Gasteiz). Alderdiak adierazi duenez, ekitaldiak edukiera murriztua izango du; 12:00etan hasiko da, eta ekitaldi politiko «xumea» izango da.
Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Aitana Agirre EGI gazte erakundeko kideak hitz egingo dute Alderdi Egunean, eta edukiera beteta dago dagoeneko. Ekitaldia zuzenean ikus daiteke EAJren webgunean eta alderdiaren sare sozialetan.
Ekitaldi honekin, EAJk koronabirusa baino lehenagoko «espazioak eta jarduerak» berreskuratuz joatea du helburu, «zuhurtziaz eta sen onez» jokatuz. Topaketan, gainera, alderdiak hurrengo hilabeteetara begira garatuko duen lan politikoa azalduko du; besteak beste, adierazi du «euskal emakume eta gizonok krisi honetatik are indartsuago» ateratzeko lanean jarraituko duela.