Ez da bukatu, baina datuak itxaropentsuak dira. Mezu hori eman dute Nafarroako Gobernuko arduradunek gaur goizean. Atzo, Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Nafarroako Institutuak bukatutzat jo zuen «iazko udan hasitako aldi epidemikoa», eta adierazi zuen «beste garai batean» sartu dela herrialdea, birusaren transmisioa kontrolatuago dagoelako. Baieztapen horrek sortutako ikusminaz jabetuta, Nafarroako Gobernuko lehendakariak ez du «epidemiaren bukaeraz» hitz egin nahi izan, baina nabarmendu du «helmuga oso gertu» dagoela: «Esan dezakegu pandemia amaitu dela? Tira, esan dezakeguna da birusaren transmisio maila oso apala dela, apaltzen segitu behar dugula eta, beheranzko joera hori egonkortzen bada, are gehiago arinduko ditugula neurri murriztaileak».
Neurrien arintzeari dagokionez, Txibitek esan du hasiak direla hainbat sektorerekin hitz egiten, «urriaren 1etik aurrera» neurrien malgutzeari segida emate aldera. Hala ere, gogorarazi du birusa ez dela desagertu, oraindik ere badela txertoa hartu ez duen jendea eta ezinbestekoa izanen dela, «neurri batean bederen», maskaren erabilerari, pertsonen arteko distantziari eta bestelako babes neurriei eustea.
Nafarroako Osasun Departamentuko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, hiru aldagai aztertzen dituzte izurriaren bilakaerari neurria hartzeko: egoera epidemiologikoa, txertatze maila eta ospitaleen okupazioa. «Osasun Publikoko Institutuaren txosten epidemiologikoa testuinguru zabalago horren barruan ulertu behar dugu. Egia da, egoera epidemiologikoari dagokionez, datuak positiboak direla: epidemiatzat jotzen denaren langaren azpitik dago birusaren kutsatze maila, baina beheranzko joera hori egonkortu beharra dago». Kutsatzeek beheranzkoari eusten badiote eta «ezusterik ezean», Osasun Departamentuko arduradunek uste dute izurria «kontrolatzeko bidean» egonen litzatekeela aurki, «baina egoera horren aurreko fasean gaude oraindik».
Horrez gain, epidemiaren beste bi neurgailuei ere erreparatzeko galdegin du Osasun Departamentuak: «Ospitaleratze kopuruari dagokionez, joera positiboa da, baina ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan egoera ez da hain ona, oraingoz, oheen erdiak okupatuta daudelako. Bestalde, txertatzearen eraginkortasuna agerikoa da, eta oraintxe Nafarroako biztanleen %87k hartua du dosiren bat gutxienez». Hortaz, datuak onak direla nabarmendu dute departamentuko ordezkariek, «baina datorren astean eginen dugu balorazio osoago bat, perspektiba apur batekin, eta orduan iragarriko dira Nafarroako Gobernuak hartuko dituen erabakiak».
Beste 138 kasu Hegoaldean
Atzoko datuek ere erakusten dute izurriaren intzidentzia beheranzkoan dela: 138 positibo zenbatu zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak Hego Euskal Herrian eginiko 8.430 proba diagnostikoetan. Herrialdeka, 23 atzeman zituzten Araban, 66 Bizkaian, 24 Gipuzkoan, eta 18 Nafarroan.
32 pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVID-19ak jota, eta 62 gaixo larri daude Hegoaldeko ospitaleetako ZIUetan. Hildako baten berri ere eman du Osasunbideak.