Teknologia

'Offshore'-an murgiltzeko probalekua

Material eta osagai ezberdinek itsaso zabalean duten bilakaera aztertzeko laborategi flotagarri handiago bat uretaratuko du Tecnaliak.

Tecnaliaren laborategi flotagarria, Bilboko portuan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko irailaren 22a
18:27
Entzun

Itsasoari begira bizi dira euskal enpresa asko. Historikoki ontziola eta arrantzaleen lan eremua izandakoa aspaldi zabaldu zen energiaren sektorera. Offshore delakoa da, itsaso zabala alegia. Itsasoa, baina, eremu fisiko basatia da, eta lurrean erabiliak izateko diseinaturiko gailu eta material askok ez dute jasaten olatuen, kresalaren edo ugerraren eragina. Eta, hain zuzen, hori probatzeko eraiki du Tecnaliak HarshLab berria. 2018an uretaraturiko izen bereko laborategiaren bertsio handiagoa da.

«Bizkaiko golkoa energia iturri handia izan daiteke. Probatu behar dugu itsasoak zer ematen digun», horrela azaldu du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen sailburuak laborategi berriaren garrantzia. HarshLab 8,5 metroko diametroa eta 7 metroko altuera duen buia erraldoi bat da. Hurrengo astean uretaratuko dute, Armintzan (Bizkaia). BiMEP itsas plataforman egongo da, eta 2018an bertan uretaraturiko laborategi zaharra ordezkatuko du. Buia zaharra Bilboko portura eramango dute proba txikiagoak egiteko.

Azken bi urteetan 500 proba baino gehiago egin dituzte buian, eta, eskaera goraka doanez, laborategi handiago baten premia ikusi zuen Tecnaliak. Pablo Benguria egitasmoaren arduradunak azaldu du orain korrosioa edo higadura baino aldagai konplexuagoak azter daitezkeela: «Argindar eta datu konexioa du, eta horrek asko zabaltzen du probatu daitezkeen gailuen mota». Laborategi berriak 2,6 milioi euroko kostua izan du, eta ez da flotagarria bakarrik, 65 metroko sakoneran probak egiteko aukera ere ematen baitu.

Eta zeintzuk dira horrelako laborategi bat behar duten enpresak? Bada, itsasoko energia errota eolikoentzat osagaiak egiten dituztenak, bereziki. Tapiak aipatu du buia «aurrerapauso» bat dela, eta deskarbonizazioa lortu nahi bada berriztagarriei bidea ireki behar zaiela. Erroten eraikuntzak hiru sektoreko enpresak bateratzen ditu, eta euskal enpresa asko ari dira bide hori urratzen: aeronautikoak, paletan; elektrizitate sektorekoak turbina eta enborretan (Ingeteam, Arteche...), eta ontzigintzakoak oinarri flotagarrian (Murueta). Egun lan askorekin dabiltza, Europako herrialde askok sartu dutelako energia eolikoa Europako funtsak jasotzeko egitasmoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.