Datuak

Kutsatuak ziren 37 pertsona hil dira astebetean Hego Euskal Herrian

Osakidetzak eta Osasunbideak beste 155 positibo atzeman dituzte, eta 29 lagun ospitaleratu.

Larrialdi zerbitzuetako langileak paziente bat eramaten, Donostian. GORKA RUBIO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 22a
14:33
Entzun

Birusaren intzidentziak Hegoaldean izandako beherakadak ez du guztiz bermatu gaitzarekin loturiko heriotzen gutxitzea. Joan den astean 37 lagun hil dira birusak jota, irailaren 13tik 19ra, hain zuzen ere. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandakoa da datua. Aurreko astekoaren aldean, kopurua txikiagoa da –bederatzi heriotza gutxiago dira–, baina apaltzea ez da nabarmena oraindik ere. Zehazki, azken astean zendutako 37etako 5 Nafarroakoak dira; gainerako heriotzak Arabari, Bizkaiari edo Gipuzkoari dagozkie.

Hegoaldeko osasun sistemek pandemiak eztanda egin bezain laster ekin zioten birusarekin loturiko heriotzen kontaketa zehatza egiteari. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, birusarekin eri ziren 1.242 pertsona zendu dira guztira. Halaber, Jaurlaritzak jakinarazi du birusak 4.701 lagun hil dituela; kasu horretan, heriotzaren kausa nagusia birusa izan den kasuak daude bilduak. Gainera, zehaztu dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 60 urte baino gutxiagoko 182 pertsona zendu dira; hiru herrialde horietan izandako heriotza guztien %3,9 dira horiek.

Halaber, transmisioaren gaineko datuei so, Osakidetzak eta Osasunbideak COVID-19a atzemateko 8.669 proba egin zituzten atzo, eta horietako %1,8 izan dira positiboak: 155. Lurraldez lurralde, Bizkaian 63 kasu zenbatu dira; Gipuzkoan, 40; Araban, 26; eta Nafarroan, 25.

Gainera, birusarekin eri ziren 29 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Hegoaldean. Horiek kontuan izanda, oraintxe bertan guztira 205 paziente dira gaitzak jota erietxeraturik, eta horietako 62 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.