Olanok berretsi du diputatu nagusi izateari utziko diola legealdi amaieran

«Kargua utziko dudalako hitza publikoki emana dut, eta ez noa orain iritziz aldatzera», baieztatu du Markel Olanok, ETB1en

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia. GOTZON ARANBURU / FOKU
joxerra senar
2021eko irailaren 22a
14:19
Entzun

Idoia Mendiak PSE-EEko idazkari nagusi izateko hautagaitzari uko egin diola adierazi ostean, bere agurrari buruz galdetu diote Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiari ETB-1eko Egun on Euskadi saioan. Olanok erantzun du aurretik zin egin zuela azken legealdia izango duela, eta promes horri eusteko borondatea baieztatu du. «Ez noa hori aldatzera. Hitza publikoki ematen dudanean, agertoki hori itxita dago».

Erantzunean, Olanok gogorarazi du duela bizpahiru asteko Batzar Nagusietako saio batean atzera begira jarri zela. 2007tik izan da Gipuzkoako batzarkide «etenik gabe». Ordutik, lau legealditatik hirutan diputatu nagusi izan da, eta Bilduk agintea izan zueneko 2011tik 2015era arteko legealdian, oposizioburu. «Oposizioan egotea sanoa da: umiltasun handiagoa hartzen duzu».

Horrekin batera, Olanok ikusten du ziklo politikoa amaitu zaiola eta osasuntsua dela arduradun politiko batek hori argi izatea. Azken bi legealdietan diputatu nagusi izan ostean, onartu du ez duela bere burua identifikatu nahi ere egoitzarekin eta bulegoarekin. «Ez dut pertsonalizatu nahi nire ardura. Beti esaten dut. Askotan egokitu zait jauregia erakustea jendeari, eta, bulegora heltzean, esaten dut hori dela diputatu nagusiaren bulegoa. Ez dut sekula esaten nire bulegoa dela. Pertsona bat esaten hasten denean hori bere bulegoa dela, malo, ez da ariketa ona».

Bere ordezkoa egun bere lantaldeko norbait ote den galdetuta, Olanok erantzun du hori ez dela bere ardura. Alderdiaren egiturari erabakitzea dagokiola zehaztu du. Haren hitzetan, Gipuzkoa Buru Batzarrari eta asanbleari dagokie proposamenak egitea eta hautagaiaren gaineko erabakiak hartzea. Emakumea izango den galdetuta, zehaztu du EAJk badituela ardura duten emakumeak eta ziklo politiko berrian emakumeek ardura handiagoa hartu behar dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.