«Maisukiro uztartzen ditu urteen iragatearen samintasuna eta bizitasun eta freskotasun apurtezina». Espainiako Poesia Saria hautatzen duen epaimahaiak hitz horiekin laudatu du Miren Agur Meaberen Nola gorde errautsa kolkoan liburua (Susa). Haien erabakiz, Meaberen lanak jasoko du aurten Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak ematen duen saria. 20.000 euroko ordaina du, eta aurrez sekula ere ez zuen euskarazko lan batek irabazi.
«Euskal poeta garaikide handietako baten helduaroko poema bilduma delako» hautatu du lana epaimahaiak. «Memoria liburu bat bezala hasten da liburua, baina zabaltzen hasten da ondoren, ahots, estilo eta tonu multzo handi bati leku eginez». Horrez gainera, desira eta heriotza, nostalgia eta denboraren iragatea lantzeko dituen modua ere txalotu dute, betiere hitzekiko gozamena bazterrean utzi gabe. «Kontrapuntu gisa, hizkeran eta erakusten duen jarreran dimentsio ironiko bat eskaintzen du».
Ez dago metodorik
Poema bilduma triptiko baten parte zela adierazi zuen poetak liburuaren aurkezpenean. Egilearen hitzetan, aurrez argitaratutako Kristalezko begi bat eleberriaren (Susa, 2013) eta Hezurren erretura narrazio bildumaren (Susa, 2019) segida baita. Sei ataletan daude poemak antolatuta, eta Metodoa izeneko poema indartsuak zabaltzen du lana. «Nola gorde errautsa kolkoan?», galdetzen dio bere buruari poetak, eta, hainbat erantzun proposatu ostean, poema esaldi hauekin amaitzen du: «Ez dago metodorik./ Bakar-lurrean eustea soilik,/ faltan dugun zer horretan pentsatu gabe./ Bizitzak guretzako planik ez duela onartzea./ Eta, ordua denean,/ urna askatu, arrakala zeharkatu./ Ez du inporta gaua baldin bada./ Kasu egin, deiak irauten duena irauten duela./ Bide sotil bat dago zuhaitzen artean/ nire plazentaraino».
Lekeition (Bizkaia) jaio zen, 1962an, Irakasle Ikasketak eta Euskal Filologiakoak egin, eta irakaskuntzan eta testuliburugintzan aritu da hainbat urtez. 1998an eman zuen bere lehen lana argitara: Uneka... gaba narrazio bilduma (Labayru), eta heldu zein umeentzako obra oparoa sortu du geroztik. Hirutan jaso du Euskadi saria; esaterako, haur eta gazte literaturako modalitatean, Itsaslabarreko etxea (Aizkorri, 2001), Urtebete itsasargian (Elkar, 2006) eta Errepidea (Erein, 2011) lanengatik. 1999an argitaratu zuen lehen poesia bilduma, Oi, hondarrezko emakaitz (Labayru, 1999). Espainiako Kritikaren saria jaso zuen 2001ean Azalaren kodea poema liburuagatik (Susa) eta, baita hamar urte geroago ere, Bitsa eskuetan poema liburuarengatik (Susa).
Helduentzako poesiarik argitaratu gabe emandako hamar urteko tartearen ondoren eman zuen argitara Nola gorde errautsa kolkoan.
Nagusiki gizonak eta gazteleradunak
1924tik hasita saria jaso duten egileen zerrendari erreparatuta, gaztelerazko lanak dira nabarmendutako gehienak, eta baita gizonezkoek idatzitakoak ere. Zortzi emakumezko baino ez dituzte saritu ia mende beteko ibilbidean, eta gutxi dira katalanez eta galizieraz saritutako lanak ere: bi bakarrik hizkuntza bakoitzaren kasuan. 2020an, esaterako, Olga Novo idazle galiziarraren Feliz Idade liburua saritu zuen epaimahaiak, eta Meaberen euskarazko lana oraingoan.
Hain zuzen ere Novo bera izan da epaimahaiko hamar kideetako bat. Juan Gil Fernández, Katixa Agirre, María del Vinyet, Francisco Javier Díez de Revenga, Eduardo Moga Baiona, Julia Barella Vigal, Luis Fermín Moreno Álvarez, Esther Sánchez-Pardo González eta Elena Medel Navarro izan dira besteak.