Francis Gonzalezek Bokaleko auzapez izaten jarraituko du

21 bozengatik nagusitu zaio Dominique Lavigneri. 2020ko ekaineko bozak ezeztatu ondoren egin dituzte hauteskundeak.

Francis Gonzalez Bokaleko auzapeza, artxiboko irudi batean. ISABELLE MIQUELESTORENA, IPARLA
Oihane Puertas ONA
2021eko irailaren 20a
17:15
Entzun

Francis Gonzalezek irabazi ditu irailaren 19an egindako hauteskundeak, eta Bokaleko (Lapurdi) auzapez izaten jarraituko du. 21 bozengatik nagusitu zaio Dominique Lavigne alderdi komunista, sozialista eta ekologistaren arteko aliantzako buruari; Gonzalezen zerrendak 1.458 boz lortu ditu, eta Lavignenak, 1.437.

Frantziako Estatu Kontseiluak 2020ko ekainean ezeztatu zituen Bokaleko bozak, eta bigarren itzuliko emaitzak bertan behera utzi zituen «hainbat disfuntzio» atzeman zituelako. Horregatik, irailean egin dute Bokaleko bozen «hirugarren itzulia», eta irailaren 6an eman zioten hasiera hauteskunde kanpainari.

«Garaipen ederra» izan dela adierazi du Gonzalezek, eta «kontent» dagoela 2020ko garaipena «baieztatu» delako. Era berean, eskerrak eman dizkie «gehiengoaren alde» egin dutenei, bere zerrendako kideei, baita Herriko Etxeko langileei eta CCASi ere.

Lavignek, ordea, «atsekabetua» dagoela azaldu du, eurengan sinetsi zuen jende askorentzat «itxaropenaren eramaile» izan direlako, eta «porrot ttipi bat» izan dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.