Datuak

Azken hamalau hilabeteetako kutsatu kopururik txikiena zenbatu da Hegoaldean

Osakidetzak eta Osasunbideak 79 kasu detektatu dituzte igandean; testen %1,6 izan dira positibo.

Zenbait herritar Gasteizko kale batean paseoan, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 20a
13:02
Entzun

2020ko udatik erregistratutako kopururik txikiena jakinarazi dute Hego Euskal Herriko osasun sistemek: Osakidetzak eta Osasunbideak 79 kutsatu zenbatu zituzten egindako probetan; iazko uztailaren 14tik, egun bakarrean izandako kasu kopurua inoiz ez da izan hain apala. Zehazki, atzo 4.882 proba egin ziren COVID-19a detektatzeko, eta, beraz, %1,6 izan zen positiboen ehunekoa.

Lurraldeka, Bizkaian 33 positibo zenbatu zituzten; Gipuzkoan, 26; Nafarroan hamar atzeman ziren, eta Araban, berriz, 8.

Transmisioari buruzko aldagaietan ez bezala, ospitaleetako okupazioaren gainekoak ilundu egin dira azken egunean. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo hamazazpi lagun ospitaleratu zituzten gaitzak jota, eta, beraz, oraintxe guztira 224 pertsona dira Hegoaldeko zentroetan. Halaber, zehaztu dute horietako 64 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan direla erietxeraturik. Bezperan baino sei gehiago dira, hain zuzen ere.

Gainera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du birusarekin eri zen pertsona bat hil dela herrialdean.

Neurrien arintzea aztergai

COVID-19aren izurriteak Nafarroan hartua duen joerari buruz mintzatu da goizean Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibite. Nabarmendu du datuak onak izaten ari direla azkenaldian, eta adierazi du berriki arauetan egindako moldaketek zer eragin duten aztertuko dutela orain, indarrean diren neurriak are gehiago arindu ote daitezkeen ondorioztatzeko. «Goiz da oraindik ere. Astea nola doan ikusiko dugu, joerak bere hartan segitzen duen ikusi, eta horrela erabakitzen ahalko dugu hemendik hamabost egunera neurri gehiago leundu edo ez; hori egiteko desiotan gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.