Memoria

Udalak «zegoen konfidantza markoa» hautsi izana gaitzetsi du Elgoibar 1936 taldeak

Jaurlaritzak gerra zibilaren biktimak oroitzeko ibilbide bat aurkeztu zuen atzo Elgoibarren (Gipuzkoa). Taldeak, ordea, salatu du EAJk aurkezpen hori «mitin politiko» bihurtu zuela, besteak beste Unai Paroti buruz esandakoengatik.

Beatriz Artolazabal sailburua, atzo, Elgoibarko (Gipuzkoa) Memoriaren Ibilbidearen aurkezpenean. @B_ARTOLAZABAL
Paulo Ostolaza.
2021eko irailaren 20a
12:06
Entzun

Elgoibar 1936 taldea haserre agertu da Memoriaren Ibilbidearen aurkezpenean EAJk izandako jarreragatik. Eusko Jaurlaritzak eta Elgoibarko (Gipuzkoa) Udalak antolatutako ekitaldia atzo goizean egin zuten, eta han izan zen, besteak beste, Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua. Hark esandako hitzek sortu dute gaitzespenik handiena.

Bere hitzartean Unai Parot euskal presoa izan zuen hizpide Artolazabalek. Horrek bertaratutako hainbat lagunen gaitzespena jaso zuen, eta Elgoibar 1936 taldeko kideen arabera, batek baino gehiagok alde egin zuen ekitalditik. Gogoan izan behar da azken egunetan preso horren inguruan sortu den eztabaida: Sarek joan den larunbaterako iragarria zuen 31 kilometroko martxa haren omenezko ekitaldi bat zela argudiatuz, PPk, Voxek eta ETAren biktimen hainbat elkartek ekinaldi horren aurkako kanpaina bat abiatu zuten duela egun batzuk.

Zehazki, gudari hitzari buruz ari zela aipatu zuen Parot sailburuak. Haren arabera, Euskal Herrian hitz hori «orbandua» izan da azken hamarkadetan. Gerra zibilean ibili ziren «benetako gudarien balio demokratikoak» goraipatu zituen, eta horren ostean gehitu zituen Paroti buruzko hitzak: «Argi eta garbi esan nahi dut: Henri Parot ez da inoiz gudari bat izan».

Elgoibar 1936 taldeak ere kritikatu du EAJren jarrera, eta «lotsagarria» izan zela esan du bere webgunean argitaratutako idatzi batean: «Gu ez ginen EAJren mitin politiko batera gonbidatuak izan, eta gudari eta milizianoak alderdi interesetan erabiltzea oso larria eta maila baxukoa iruditzen zaigu. Zerikusirik gabeko gauzak nahasi eta giroa gaiztotu dute ekitaldian». Hortaz gain, salatu dute ETBko albistegietan ibilbidea aipatu ere ez zutela egin.

Elgoibarko Udalak, berriz, «zegoen konfidantza markoa» hautsi duela adierazi du taldeak: «Borondate osoa daukagu elkarlana sustatzeko memoriaren berreskupenaren defentsan, baina horrelako ekitaldi bat alderdi interesekin erabiltzea nahi badute, gu ez gaude prest», amaitu du.

Ibilbidea

Atzo Elgoibarren aurkeztu zutena Gipuzkoan zabaldu duten lehen Memoriaren Ibilbidea da. Bideak gerra zibilarekin lotutako leku garrantzitsuak zeharkatzen ditu, eta helburu nagusia biktimak omentzea da. Gogora Institutuak, 2018tik, halako hogei inguru jarri ditu martxan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Elgoibarko ibilbidea Altzola auzoan hasi eta Kalamuako tontorrean amaitzen da, eta bidean hainbat panel eta baliza jarri dituzte. Ibilbide horretako hainbat punturen aurkikuntzan zerikusia du 2007an sortutako Elgoibar 1936 taldeak. Tartean, ospetsuena 2012koa izan zen: Ahaztuen Oroimenak taldearekin batera eta Aranzadiren laguntzarekin, lau gudariren gorpuzkinak atera zituzten.

Taldeak aitortu du atzo arte «gustora» zeudela «egindako lanarekin eta errekonozimenduarekin, baina batez Ziardamendi berriro Euskal Herriko mapan kokatu» zutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.