Espazioa

Soilik turistak eraman dituen lehenengo espaziontzia Lurrera itzuli da

Atlantikoan jaso dituzte 'Inspiration 4' misioko lau bidaiariak. Astronauta profesionalik gabeko lehenengo saioa izan da.

Jared Isaacman, Chris Sembroski, Hayley Arceneaux (goian) eta Sian Proctor, 'Inspiration4' batean. INSPIRATION 4
Edu Lartzanguren.
2021eko irailaren 19a
16:45
Entzun

Espazioko turismoaren aroan mugarri izango den misioa arrakastaz amaitu da Atlantikoko uretan. Asteazkenean abiatu ziren lau turista Crew Dragon espaziontzian, Floridatik (AEB), eta atzo gauean jaso zituzten Atlantikoko uretan, hiru egun Lurraren azaletik 575 kilometrora igaro ostean.

Lau jausgailu zabaldu ditu kapsulak, erorketa leuntzeko.

Planetaren inguruan biraka ibili dira (90 minutuero itzuli bat). Time aldizkariaren arabera, 200 milioi dolar ordaindu ditu Jared Isaacman aberatsak bidaia egiteko. Bere txartela eta beste hiru bidaiarirena ordaindu ditu. 10 urterekin minbizia izan zuen lan Hayley Arecenauxek izan da bidaikideotako bat. Besteak Sian Proctor geologia irakaslea (51 urte) eta Chris Sembroski (42) AEBetako militar ohia dira. Azken bi horiei lehiaketa batean egokitu zitzaien espaziorako txartela; antolatzaileen arabera, 72.000 pertsonak parte hartu zuten.

Lehiaketan bildutako dirua (110 milioi dolar) haurren minbizia ikertzen duen ospitale bati emateko asmoa dutela esan dute antolatzaileek.

«Sekulako bidaia izan da geuretzat», adierazi du Isaacmanek Lurraren azalera itzuli eta berehala, eta ekimena «hasiera besterik» ez dela izan nabarmendu du, espazioko turismoaren hasiera, alegia.

Muskek Twitterren bidez zoriondu du eskifaia.

Ez dute profesionalik eraman behar izan kapsulan, hura Lurretik kontrolatu baitute une oro.

Edonola ere, sei hilabetez trebatu behar izan dute turistek.

Besteak beste, Ilargia Lurraren itzalpetik ateratzen ikusi ahal izan dute orbitan zeudela.

Bidaiarien odoleko oxigeno mailaren inguruko datuak jaso dituzte, eta haien loari eta bestelako prozesu biologikoei buruzkoak ere bai.

Espazioaren esplorazioa enpresa pribatuen eremu bihurtzen ari da gero eta gehiago. Horietako eragile nagusietako bat Space X enpresa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.