Aljeria

Abdelaziz Buteflika hil da, Aljeriako presidente izandakoa

Hogei urte egin dituen Buteflikak agintean, duela bi urte bere aurkako manifestazioen ondorioz kargua utzi behar izan zuen arte. 84 urte zituen.

Abdelaziz Buteflika, Aljeriako presidente izandakoa, artxiboko argazki batean. MOHAMED MESSARA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko irailaren 18a
16:17
Entzun

2013an buruko odol isuri bat izan zuen Abdelaziz Buteflikak, eta azken urteetan nabarmen okerrera egina zion osasunak, eta ez zen gai hitz egiteko edo laguntzarik gabe mugitzeko. Ostiral gauean eman zuten Aljeriako presidentetzan urte gehien egin zituen agintariaren heriotzaren berri. 84 urte zituen.

Frantziaren menpeko Marokon jaioa zen, eta 19 urte zituela egin zuen bat Nazioa Askatzeko Frontearen adar armatuarekin. Aljeriaren independentzia zuen helburu Fronteak, eta 1962an lortu zuen, baita herrialde alderdi bakar bilakatu ere. Gerran izandako rolek lagundu zioten Buteflikari boterera gerturatzen, eta, 25 urterekin, Gazteria, Kirol eta Turismo ministro izendatu zuen Ahmed Ben Bella presidentearen lehen gobernu independenteak.

Ben Bellaren aginteak, baina, gutxi iraun zuen. 1965ean estatu kolpea eman zuen Huari Bumedian buruzagi independentistak, eta Buteflikak bat egin zuen harekin. Haren agintaldian, Atzerri Ministerioa zuzendu zuen Buteflikak, eta menpekotasunetik askatu berria zen herrialdearen aurpegia eta ahotsa bilakatu zen nazioartean.

Bumedianen heriotzak, ordea, aro ilun batean murgildu zuen. Txadli Benjedidek hartu zuen agintea 1979an, eta Buteflika Estatuko ministro izendatu zuen arren, ia ez zuen eskumenik. Erregimenak baztertu egin zuen, eta Kontu Auzitegiak diru publikoak oker erabiltzea egotzi zion. Independentziako gerrako heroi izandakoak erbestera egin zuen ihes, eta han geratu zen sei urtez.

1987an itzuli zen Aljeriara, eta Nazioa Askatzeko Fronteko buruzagi izendatu zuten. Aljerreko protesten ostean, eta beste hainbat buruzagirekin batera, demokrazia eta erreformen aldeko aldarrikapen bat izenpetu zuen. Denbora igaro ahala, Buteflikaren irudia indarra berreskuratuz joan zen, eta, 1999ko bozetan, hautagai independente gisa aurkeztu zen, eta botoen %74a eskuratu zituen. Hurrengo hiru hauteskundeetan ere erraz irabazi zuen, nahiz eta ez zen falta izan iruzur salaketarik. Besteak beste, 2014ko bozetan, non kanpainan parte hartu ez arren —iktus bat izan zuen hilabete batzuk lehenago—, datu ofizialen arabera, botoen %81 eskuratu zituen.

2019an haren gertukoek iragarri zuten prest zegoela beste agintaldi batera aurkezteko, bosgarrenera. Erabaki hark, baina, kritika ugari eragin zituen, baita kale protestak ere, aurreko legealdi osoan ez baitzen jendaurrera ia agertu, eta haren osasunaren inguruko kezkak ere oso zabalduta baitzeuden. Hirak herri mugimenduak hartu zituen kaleak, Buteflikaren dimisioa eta sistemaren erreforma eskatzeko. Armadak berak bizkarra eman zion estatuburuari, eta, apirilean, kargua utzi beste aukerarik ez zitzaion geratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.