Otegi: «XXI. mendean burujabetzak estatu izena du»

EH Bilduk Konferentzia Politikoa egin du gaur goizean Donostian, aurrera begirako erronkak zehazteko. Lan politikoaren, hezkuntza proposamenaren eta plan feministaren inguruan bozkatu dute.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea, artxiboko irudian. GORKA RUBIO/ FOKU
edurne begiristain
2021eko irailaren 18a
12:47
Entzun

EH Bilduk Konferentzia Politikoa egin du gaur Donostiako Tabakaleran, aurrera begirako erronkak bere militantziarekin batera ezartzeko. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak hitzaldia egin du, eta, lehen-lehenik, pandemiari aurre egiten lehen lerroan egon diren eta dauden langileei mintzatu zaie; «berotasuna» eskaini die haiei. Haren hitzetan, pandemia honek «hainbat ispilu» jarri dizkio gizarteari parez pare, eta herri gisa «estres froga» bat izan da. Izurria «eredu ekonomiko eta produktibo harrapakari» baten ondorio dela esan du Otegik, eta azpimarratu EH Bilduren konpromisoa dela eredu hori aldatzea eta klima aldaketaren aurka borrokatzea. Zaintza ereduan, berriz, EH Bilduren konpromisoa herritarren eskubideak erdigunean jartzea dela azaldu du.

Horrez gain, Otegik nabarmendu du autogobernu ereduaren «hauskortasuna» ere agerian utzi duela izurriak. «Epaile bat gai izan da, ultraeskuinaren errekurtso baten ondorioz, gure autogobernua zalantzan jartzeko». Erabakitzeko eskubidearen inguruan EH Bilduk jarrera argia duela erantsi du Otegik: «Guk mugarik gabeko erabakitzeko eskubidea defendatzen dugu». Ildo horretan, mezua igorri dio Euskal Herriari: «XXI. mendean burujabetzak estatu izena du. Burujabetza bakarrik lor daiteke gure herria estatu gisa eratzen bada. Gaur egun, Euskal Herrian erabateko demokrazia bakarrik lor daiteke gure nazio izaera errespetatuz eta gure etorkizun ekonomikoa, soziala eta politiko libreki eta demokratikoki erabakiz, dagokigun erabakitzeko eskubidea errespetatuz».

Amaitzeko, Otegik «itxaropen» eta «konfiantza» mezua igorri dizkio euskal gizarteari: «Euskal Herriak aurrera egingo du. Zaila da, neketsua, baina gure konpromisoa da».

Gaurko Konferentzia Politikoan, EH Bilduko militanteek plan politikoaren, hezkuntza proposamenaren eta plan feministaren inguruan bozkatu dituzte. Hezkuntza proposamenak babes zabalarekin onartu dute, koalizioak jakinarazi duenez: militanteen %88,49k eman dio baiezkoa, %4,66k ezezkoa bozkatu du, eta zuri, berriz, %6,85k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.