Euskal presoak

Ehunka lagun Arrasaten, euskal presoen eskubideen aldeko bilkuran

Eguerdian euskal presoen eskubideen aldeko 50etik gora bilkura egin dira Euskal Herrian, Sarek atzo bertan behera utzi zuen martxaren ordez. Ertzaintza Voxen bilkuraren aurka protestan ari ziren antifaxistei oldartu zaie Arrasaten, eta taberna batean zegoen gizon bat zauritu du.

Iñaki Agirre - Jon Ordoñez Garmendia
2021eko irailaren 18a
11:54
Entzun

Eguerdian 12:00ak jota hasi da Arrasaten (Gipuzkoa) euskal presoen eskubideen aldeko kontzentrazioa. Sareren deialdiari jarraituz, ehunka lagun elkartu dira. Han izan dira Joseba Azkarra, Bego Atxa eta Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak ere. Oiartzabalek ekitaldia hasi aurretik esan duenez, «salbuespeneko legedia» salatzera joan dira, eta harrituta daude «aste guztian esan diren gezurrekin».

«Garbi zegoen martxa ez zela omenaldi bat edo gorazarre bat, eta, gurekin parte hartzen duten eragileek hori jakinda ere, orain eskuin muturrari bidea ireki zaio konfrontazioa sortzeko», adierazi du Oiartzabalek. Azpimarratu du, ordea, Sarek elkarrizketaren alde lan egiten jarraituko duela.

Atzo bertan behera utzi zuten martxaren ordez, Euskal Herriko 50etik gora herritan deitu dituzte bilkurak. Arrasatekoa, ordea, guztien artean nabarmendu da, bertan behera utzi duten martxa dela eta. Oiartzabalek zehaztu du 7/2003 legedia salatu nahi izan dutela, eta hori bertan behera uzteko eskatu du, ´bizi osorako zigorra ezkutatzen duelako». 60 presori eragiten diela zehaztu du.

Zauritu bat

Giroa lasai zegoen goizean Arrasaten, baina Ertzaintzaren presentzia handia izan da. Faxistak kanpora pintaketa bat agertu da gaur goizean. Sarek ez bezala, Voces Contra el Terrorismo elkarteak, Voxen babesarekin, eutsi egin dio martxa horren kontra deitua zuen deialdiari. Hor izango da Santiago Abascal VOXeko presidentea.

Horri erantzuteko, beste deialdi bat zegoen deitua Arrasaten. Hain zuzen, antifaxistei oldartu zaie Ertzaintza. Oldarraldi horren ondorioz, taberna batean eserita zegoen adineko gizon bat, erori, eta zauritu egin da. Osasun zerbitzuak etorri dira buruan zaurituriko adineko gizona artatzera. Lekukoen arabera, gizona aulkitik erori da poliziaren oldarraldian. Zauri nabarmena du buruan, baina bere kordean eraman dute ospitalera.

Sarek talka ez egiteko hartu zuen erabakia, Arrasateko martxaren antolatzaileekin elkarlanean: izan ere, atzo goizeko agerraldian ohartarazi zuen ez dietela «konfrontaziorako aukerarik» eman nahi «ultraeskuinaren aldarriak aintzat hartuta Arrasatera liskarrak eragitera etortzeko asmoa» zutenei. Bizi osorako zigorrik ez! Giza eskubideak, elkarbizitza, konponbidea lelopean deitu dituzte elkarretaratzeak gaurko.

PPk ere ekitaldi bat egin du goizean Arrasaten, 10:30ean, San Andres kalean, ETAk Ortega Lara bahitu zuen lekutik gertu. Han bildutakoek Unai Paroti egozten zaizkion 39 hildakoen izenak zituzten afixak erakutsi dituzte, eta Carlos Iturgaiz PPko presidenteak eskatu du bertan behera uzteko «ezker abertzaleak antolatutako ongietorri eta kontzentrazioak, terrorismoaren apologia baitira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.