Minbiziaren Aurkako Elkartea hainbat ekitaldi egiten ari da irailean, gaixotasun horren ikerketaren aldeko egunaren harira. Hilaren 24an ospatuko dute egun hori. Ibarrangelun ere, gaitz horren ikerkuntzan laguntzeko egitasmo solidario bat abian izan dute azken hilabeteetan. Joan den astean bukatu zuten zikloa, Minbiziaren mitoak eta errealitateak: ulertu sendatzeko hitzaldiarekin. Arkaitz Carracedok (Bilbo, 1979) eman zuen. Ikerbasqueko ikerlaria da, eta taldeburua CIC Biogunen.
Mito asko al daude minbiziaz?
Bai. Gehienbat, mitoak, kondairak eta estigmak daude. Duela bospasei urte, minbiziaren arloan dauden erronkei buruz hitz egin genuen world cafe batean. Atera zen lehenengo faktorea estigma izan zen. Hau da, minbizia duen gaixo batek diagnostikoa jasotzen duenean, zer-nolako zailtasuna daukan gizartean bere gaixotasunari buruz hitz egiteko, hari aurre egiteko eta familiaren barruan kudeatzeko, eta horrek gaixoari zer zailtasun gehitzen dizkion. Informazioa da egoera horri irtenbidea emateko modua. Gaur egun, minbizia ez da heriotza sententzia bat edo hiltzeko bide zuzen bat. Minbizia sendatu egiten da. Beraz, orain arte genuen pentsatzeko era aldatu egin behar dugu.
Eboluzioarekin, mutazioekin, lotuta azaltzen duzu zuk minbizia.
Bai. Minbizia gaur egun hemen egoteko ordaindu behar dugun prezioa da. Minbiziaren oinarria eta eboluzioarena berdin-berdinak dira. Gure gorputzeko zelulek entziklopedia moduko bat dute: DNA. Hor daukate behar duten informazio guztia. Entziklopedia horren kapitulu bakoitzak bi tomo ditu: bata, amarengandik jasoa eta bestea, aitarengandik. Kapitulu horietako bakoitzak bere informazio berezia dauka: begien kolorea, ilearena, altuera… Gorputzean ditugun milioika zelulek, ugaltzen diren bakoitzean, informazio hori bikoiztu egin behar dute, berridatzi. Oso ondo egiten dute, baina batzuetan akatsak egiten dituzte. Akats horiek aldaketak dira.
Alegia, eboluzioa.
Bai, naturan horrek eragiten du belaunaldiz belaunaldi espezie bateko kideak pixka bat aldatzea. Eta, aldatzen direnean ere, batzuek beste batzuek baino adaptazio hobea izango dute: hobeto ugalduko dira, bizirik iraungo dute, eta haien geneak transmitituko dira. Hori gertatzeko, eta, azken batean, munduaren hasieratik sortutako bizitzatik gaur egun daukagun aniztasuna izateko, naturan akats horiek sortu behar dira. Gure sistema perfektua izango balitz kopia horiek egiten, ez litzateke egongo aldaketarik. Eboluzioa akatsen ondorio da.
Zer lotura du minbiziarekin?
Minbizia ere akatsen ondorio da. Gure gorputzeko zeluletan informazioa kopiatzean, akats horiek sor daitezke. Batzuetan, akats horiek oso kapitulu garrantzitsuetan gertatzen dira. Akatsa gerta daiteke ondoriorik ez duen proteina batean, edo, adibidez, ugalketa zelularra kontrolatzen duen proteina batean. Eta orduan, zelula horren ugalketa, zatiketa, areagotu egiten da. Areagotze hori da minbiziaren oinarria. Behar baino zelula gehiago izatea ehun edo organo batean.
Minbiziaren sorrera ulertuta, tratamendu espezializatuak ematea ere errazago ulertzen dela diozu.
Pertsona bakoitzak pairatzen duen minbizia desberdina da genetikoki. Akats ezberdinak ditu, ausaz gertatzen direlako. Beraz, behar dugun medikuntza indibidualizatua da, edo doitasunezkoa.
Elikadurak, tabakoak, alkoholak, kutsadurak… zenbaterainoko eragina dute minbizia sortzeko orduan?
Minbizia bizitzearen ondorioz sortzen da gehienbat. Zenbat eta gehiago bizi, gure zelulak orduan eta luzaroago zatitu behar dira, ugaldu; gure ehunek zelula berriak behar dituzte, eta kopia horiek akatsak izan ditzakete. Beraz, minbizia heredagarria da? Gehienetan, ez. Baina izan daiteke. Eta inguruak ere baldintzatzen du minbizia izateko dugun aukera. Esaterako, erretzen badugu, kean dauden molekula kimikoak gure biriketako zeluletan sartu eta gure entziklopedia hori apurtzen dute, edo kopiak egitea zaildu. Orduan, errore tasa areagotu egiten da, eta minbizia izateko aukera ere bai. Edo eguzki izpiak: gure azala jotzen dute, eta gure kapituluen edo DNAren kopia horiek txarto egitea eragiten dute. Beraz, minbizia izateko aukera handitu egiten da. Gure inguruan gertatzen diren eta gure gorputzarekin kontaktuan dauden faktore horiek guztiek minbizia izateko bingo honen txartelak izan daitezke. Helburua izan behar da gero eta txartel gutxiago edukitzea.
Denek al dute eragin bera?
Faktore batzuek beste batzuek baino gehiago eragiten dute. Hori ere azaldu beharrekoa da. Badakigu erretzeak minbizia eragin dezakeela, animalia ereduetan nahikoa datu daukagulako. Gizakiengan egindako ikerketa epidemiologikoetan ere nahikoa datu daude. Okela gorriak ere minbizia pairatzeko aukera areagotzen du, eta lehenengo mailako kartzinogeno moduan definitu da. Hala ere, erretzeak probabilitate handiagoa ematen du.
Badago lehen mailako beste kartzinogenoren bat?
Pila bat daude. Zerrenda gero eta luzeagoa bihurtzen ari da. Farmako asko ere kartzinogenoak dira. Esaterako, hormona terapiak. Minbiziaren aurkako farmako batzuk ere bai, baina sortzen duten arriskua eta eragiten duten onura neurtuta, onuragarriak dira. Mikrouhinak, wifia eta horien guztien inguruan ez dago informazio nahikorik. Seguruenik, eraginen bat baldin badago, minbizia izateko bingorako txartel gutxi emango dizkigute. Gure arazoak dira erretzea, alkohola, eguzki izpiak eta elikaduraren eta ariketa fisikoaren arteko desoreka. Janariarekin kontaktuan dauden plastikoak ere bai. Plastiko horiek molekula kimiko batzuk igortzen dituzte berotzen direnean edo alkoholekin kontaktuan daudenean, eta guk jan egiten ditugu.