Alianza Verde alderdia Elkarrekin Podemosen integraturik lotu zaio bideari Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur goizean Gasteizen izandako aurkezpenean aditzera eman dutenez, larrialdi ekologikoaren aurkako borroka dute lehentasun, batik bat.
Juantxo Lopez de Uralde Elkarrekin Podemoseko diputatua da indar politiko berriaren koordinatzailea. Lopez de Uraldek nabarmendu du Alianza Verde ez dela proiektu berri bat, izan ere, azaldu duenez, lehendik ere pertsona ekologista «asko» ziren Elkarrekin Podemosen barrenean, eta, beraz, zehaztu du aurretik hasia zen lana «ikusarazteko» eman dutela pausoa orain.
Gainera, aurkezpenean nabarmendu dute, krisi klimatikoari aurre egitea ez ezik, Elkarrekin Podemos indartzea ere badela alderdi berriaren helburua, «ezkerreko lehenbiziko indar politikoa izan dadin».