Sarek agerraldia egin du Arrasaten (Gipuzkoa) azken erabakien berri emateko, eta, azaldu duenez, bertan behera utziko dute bihar herrian zigor luzeen eta salbuespen legediaren aurka egitekoak ziren martxa, «konfrontazio espaziorik ez elikatzeko». Izan ere, ohartarazi dute ez dietela «konfrontaziorako aukerarik» eman nahi «ultraeskuinaren aldarriak aintzat hartuta Arrasatera liskarrak eragitera etortzeko asmoa» zutenei. Aldarriari eutsi nahi diete, halere, eta elkarretaratzera deitu dute Euskal Herriko plaza guztietan, bizi osorako zigorren aurka eta giza eskubideen, elkarbizitzaren eta konponbidearen alde. Deialdia presazkoa izanda, laster iragarriko dituzte elkarretaratzeen orduak eta herriak, baina aitzinatu dute Arrasaten ere eginen dutela protesta.
Joseba Azkarraga eta Bego Atxa bozeramaileek salatu dute aste hauetan «presio izendaezina» jasan dutela Arrasaten euskal presoen eskubideen alde lan egiten duten pertsonek. Taldearen ustez, euskal presoen alorrean «une historikoa» da oraingoa, egin diren urratsez balorazio positiboa egin izan dute, eta, horregatik, «harridura osoz» hartu dituzte arlo politiko eta mediatikoan plazaratu diren «jarrerak»: «Erantzukizunik gabeko jarrerak dira, eta indartu egiten dituzte espetxe politikan edozein aldaketa errefusatzen duten horien jarrerak, aurrerapauso horiek gerarazteko presioa eta manipulazioa —biktimen mina modu arbuiagarrian erabilita, kontrakoaren aurkako arma gisa erabiltzeraino— baliatu dituzten horien jarrerak». Sarek adierazi du haiek ez direla «inoiz» ibiliko «jarrera» horietan.
Gogoratu dute Parotek ez ezik bertze hamalau preso inguruk ere 40 urteko espetxe zigorrak dituztela, eta horixe salatzeko zela larunbaterako deitutako martxa: euskal presoentzat «ad hoc» prestaturiko 7/2003 legea bertan behera utz dezatela eskatzeko. Salatu dute, ordea, «entzungor» egin zaiela haien aldarrikapenei, giza eskubideen aldeko mobilizazio hori «hutsaltzeko» eta «kasu batzuetan kriminalizatzeko» ahalegina eginda, «arrazoirik gabeko akusaziotan oinarrituta». Sarek oroitu du «pertsona guztien» giza eskubideak aldarrikatzen dituela, eta hala behar duela: «Indarkeriaren biktimak eta pertsona guztien giza eskubideen errespetua kontrajarri nahi dituztenei gogorarazi nahi diegu giza eskubideak ezin direla partzelatan bereizi. Ezin dira batzuk defendatu eta beste batzuk mespretxatu». Hala, «eskubideak urratzen dituzten lege eta jarduketa guztien aurka egiten jarraitzeko legitimotasuna» aldarrikatu dute: «Mesede eskasa egingo genioke gure herriari eskubideen urraketa horren aurrean isilik geratuko bagina, biktimei min handiagoa eragiten diela dioen argudio faltsua erabilita».
Irakurri gehiago: Maddi Ane Txoperena Iribiarre: Galga «bigarren faseari»? (2021-09-16)
Euskal presoen eskubideen alde eta zigor luzeen aurkakoa zen egitekoak ziren martxa, eta polemika sortu du iragarri zen momentutik. Espainiako eskuinak erran zuen Unai Parot euskal presoari omen egiteko baliatuko zela martxa, eta, Sarek hori gezurtatu zuen arren, protestaren aurkako ekitaldi bat iragarri dute gaurko Eusko Jaurlaritzak eta Madrilek: «Unai Paroten biktimei» omen egiteko eginen dute, 12:00etan, Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimen Zentroan. Bertzeak bertze, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Justizia, Berdintasun eta Gizarte Politika sailburuak parte hartuko dute.
EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen Sarek antolatutako martxa debekatu, ezta Espainiako Auzitegi Nazionalak ere. Izan ere, Jose Luis Calama epaileak atzo jakinarazi zuenez, «momentu honetan ez dago beharrezko datu eta elementurik zehazteko salaturiko egitateak terrorismoa goratzearen delitua izan daitezkeen ala ez».