Arinkeriaz har lezakete batzuek, baina badu bere larritasuna. Frantziako eskuin muturrak «islamo-ezkertiar» gisa identifikatzen dituen arlo anitzetako dozenaka pertsonaren zerrenda egin du, izen eta abizenekin, eta lan egiten duten arloa identifikatuz. Taha Bouhaf Le Media agerkariko kazetariak zabaldu du albistea, Twitterren. Azaldu du agorril hasieran deskubritu zuela zerrenda, eskuin muturreko Fdesouche.com webgunetik eratorria. Excell taula baten antza du, eta, kazetariaren arabera, «ehunka pertsona daude fitxatuak»
Début août, je découvrait l’existence d’un fichier très suspect provenant du site de « Fdesouche »
— Taha Bouhafs (@T_Bouhafs) September 16, 2021
C’est un tableau Excel qui établit une liste de ethnique et politique, de ce que l’extrême droite considère comme les « islamogauchiste » des centaines de personnes sont fichées ; pic.twitter.com/ddSwSyVP74
Zerrendari begira jarrita, denetik dago: kazetariak, abokatuak, imamak, alde guzietako politikariak. Pertsona bakoitza kategoria batean sartua da, eta bere erakundean duen ardura ere agertzen da. Horietan agertzen da Anita Lopepe EH Baiko bozeramailea. Baina baita Jean Claude Iriart (EH Bai) eta Sophie Bussierre ere (EELV). EH Baik, EELVk eta Frantzia Intsumisoko Ensemble alderdiek 2020ko herriko hauteskundeetarako bultzatu zuten Baiona Berde eta Elkarkidea zerrendako hautagaiak izan ziren. Ikerketa batzuk eginik, beste zerrenda bat bazela ere ikusi du Bouhafek, aldi honetan migranteez arduratzen diren pertsonez osatua.
EH Baik Fdesouche webguneak zabaldutako zerrenda salatu du, eta babesa adierazi die EH Baiko kide diren Iriart eta Lopeperi. «Eskuin muturraren ohituretan den egiteko modu onartezin hau salatzen dugu. Orain, gure militanteekin eta mugimendu politiko gisa gogoetatuko dugu parte hartzen dugun ekintza kolektibo batean webgune honen aurka eta zerrenda hau osatu eta publikatu dutenen aurka», adierazi dute.
Lopepek berak BERRIAri adierazi dionez, «lehen kolpean» ez dio «inportantziarik eman», duda zuelako ez ote zen «praktika horiei» oihartzun gehiegi ematea. «Hala ere, zerbait egiten du», aitortu du. «Uste dut salaketa egin behar dela. Politikoa batetik: niretzat ez da detaile bat Frantzian presidentetza aitzin dagoen giro politikoan den eskuin muturrerako lerratzea, eta uste dut gure rola dela hori salatzea». Salaketa juridikoa ezarriko duen ez du oraindik aztertu.
Bouhafen bilaketen arabera, 2019ko azaroaren 10ean Parisen islamofobiaren aurka antolatu zuten protestari babesa eman ziotenen zerrendatik eratorria izan liteke «islamo-ezkertiarren» zerrenda hori. Bouhaf bera zerrendan dago, eta bere abokatuaren bidez salaketa jarri zuela iragarri du. «Horrelako zenbat zerrenda daude? Zer helbururekin?», galdetu du. Baina zerrendan agertzen diren izen guziek ez zuten babestu islamofobiaren kontrako deialdia. «Nondik datoz gainerako izenak?», galdetu du.