Literatura

Olatz Mitxelena Larretak irabazi du Igartza saria

'Arrakalak' ipuin bilduma proiektuarekin lortu du literatur beka, eta urtebeteko epea izango du orain kontakizunak idazteko.

Olatz Mitxelena Larreta idazlea, gaur goizean, Donostian. MAILEN ANDRES / FOKU
itziar ugarte irizar
2021eko irailaren 16a
11:45
Entzun

Lau ipuin aurkeztu zituen lehiaketara Mitxelenak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1989) eta horiekin aurreratu gero landu nahi lukeen liburuaren mamia: narrazioak, diferenteak elkarren artean baina hari batez lotuak denak, pitzaduren hariarekin, hain zuzen. «Gizartearen barruan eta baita gizakiaren baitan ere, harremanetan sortzen diren pitzadurak agertuko dira ipuin guztietan: minak, obsesioak, beldurrak eta beste», adierazi du. Hortik liburu proiektuari oraingoz eman dion izena: Arrakalak. Urtebeteko epea du orain lana burutzeko, eta, azaldu duenez, bide horretan joan nahi du ikusten zenbat ipuinek osatuko duten azkenean liburua, zenbat ahots sartuko diren, zein tonu hartuko duen. «Plazer hori oparitu nahi diot orain neure buruari».

Formari dagokionez, «bi begirada» uztartu nahi dituela aurreratu du egileak. Hala erabaki zuela proiektua aurkeztean, eta hala eutsi nahi diola. «Intimoagoa izango da bata, eta jolastiagoa bestea; lehena hausnarketari lotuagoa eta bigarrena fantasiaren jolasei. Gustatzen zait literaturaren bidez gai ilunak izan daitezkeenetara modu horretan heldu ahal izatea». Horixe nabarmendu du Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak ere —Elkar da, Beasaingo Udalarekin eta CAF enpresarekin batera, bekaren antolatzaiea—, «egun nagusi den estilo errealistatik» at dauden kontakizunak ere landu dituela idazleak. Mitxelena: «Uste dut horrek distantzia bat hartzeko aukera ematen didala, hortik errealitatea hobeto begiratu eta eta bizitzaz modu zuzenago batean edo hitz egiteko».

Narrazioetan agertuko diren gaien artean, besteak beste, heriotza, laguntasuna, amatasuna eta zahartzea aipatu ditu idazleak. Irudipena du badirela zenbait auzi egunerokoan arreta jartzen ez zaienak, eta horiek arretagunera ekartzeko ere baliatu nahi ditu ipuinak. «Nahita bilatu dut bizitzaren alde ilunago bati begiratzea. Iruditzen zait batzuetan ezkutatu egiten dugula, salbuespentzat edo kontraesantzat hartu. Baina uste dut hori ere bizitzaren parte dela, gure parte». Nolanahi ere, ilunari heldu arren, Mendigurenek gehitu du ez direla «ipuin tristeak», kontrara, «argitasuna eta umorea» dutela erantsi du. Eta bat etorri da egilea: «Gustuko dut hori, gaia mingarria edo gogorra izan arren, irribarre batekin irakurri ahal izatea».

Mitxelenaren lehen liburua izango da bekarekin onduko duena. Idatzi, beti idatzi izan duen arren, hau «aukera berri bat» izango dela aipatu du. «Beti idatzi dut, baina ez asko eta ez maiz. Gaztetan Urruzuno literatur lehiaketa atera nuen, Filosofia ikasterakoan idazketarekin hurbileko esperientzia izan nuen, Idazle Eskolan aritu izan naiz... baina hau izango da luze jardungo dudan lehen aldia». 2019an, BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken lehiaketa ere irabazi zuen, Grezia: Memoriaren postalak kronikarekin.

Erritmo paraleloak

35 urtetik beherako idazleentzako saria da Igartza, eta ibilbideko 24.a da Mitxelenak eskuratu duena. Sari emate ofiziala gaur arratsaldean egingo dute, Beasaingo (Gipuzkoa) Igartza jauregian, eta, ondoren, egileak urtebete inguruko denbora izango du liburua amaitzeko. Ondo bidean, 2023ko udaberrian argitaratzea da asmoa. Bitartean, iazko Igartza saridun Maddi Ane Txoperena idazle eta BERRIAko kazetariak Ez erran inori eleberria lantzen diharduela ekarri du gogora Mendigurenek, eta lan hori datorren urte hasieran emango dutela argitara. Haurtzaroan sexu abusua jasan zuen emakume bat izango du protagonista nobelak. Maiatzean argitaratu da, halaber, 2019ko Igartza irabazlearen lana: Irati Goikoetxearen Herriak ez du barkatuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.