Gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala 7.213 euro da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, 1,5 puntu apaldu den arren 2015. urtetik, %22koa da arrakala hori batez beste. Gizonek 31.790 euro irabazten dituzte urtero, baztez beste, eta emakumeek, berriz, 24.757 euro. Soldata arrakala handiagoa da andreak gehiengo diren lanbideetan.
Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak jakinarazi ditu datu horiek, Soldata Berdintasunaren Nazioarteko Egunaren atarian, Nazio Batuek deituta. Larunbat honetan egingo dute erreibindikazio egun hori soldata arrakala apalduzjoan dadin, betiere erabat desagertzeko azken helburuaz. Emakundek 2020ko INEren datuak baliatu ditu bere txostena egiteko.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan urteko batez besteko sodata 28.470 euro da; orduko batez besteko irabazien arrakala (Europan gehien erabiltzen den indizea) %9,55ekoa da; 2015. urtean, %12,83koa zen. Sektoreka aztertuz gero, zerbitzuetan dago soldata arrakala handiena emakumeen eta gizonen artean, %21,8koa hain zuzen. Baina industrian ere, nabarmena da sexuen arteko desberdintasuna beharginen lan sariei begiratzen zaienean: %17,2.
Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak esan du "egiturazko arazo bat" dela, eta "gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna betikotu" egiten duela euskal gizartean. "Eragile sozial eta administrazio guztien ardura da desberdintasun hori desagerraraztea". Soldata arrakala "arazo sakona" da, Landaidak azaldu duenez, "egiturazko izaerarekin eta askotariko dimentsiokoa"; horregatik, "erantzun oso bat" behar da arazori horri aurre egiteko.