Datuak

Iragan astean baino hamar hildako gehiago izan dira birusarekin lotuta Hegoaldean: 45

Hego Euskal Herriko osasun sistemek beste 240 kutsatu zenbatu dituzte, eta 31 lagun ospitaleratu.

DYA zerbitzueako langileak birusarekin hildako pertsona bat eramaten. GORKA RUBIO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 15a
13:04
Entzun

Izurritearen bilakaerari buruzko informazioa ematen duten aldagaien artetik, gaitzarekin loturiko heriotzen kurba da apaltzen ari ez den bakarrenetakoa. Izan ere, Hegoaldea kutsatzeen arintze betean izanik ere, birusak jota hil direnen kopuruak gora egin du azken egunotan. Hain zuzen, gaitza zuten 45 pertsona zendu dira astebetean Hego Euskal Herrian, irailaren 6tik 12ra, zehazki. Aurreko astearen aldean, heriotza zenbatekoak nabarmen egin du gora: hamar gehiago dira. Halaber, berriki jakinarazi dituzten 45 heriotzetatik, bakarra gertatu da Nafarroan; gainerakoak Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan izan dira.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du atzo COVID-19arekin loturiko beste heriotza bat gertatu zela herrialdean: 91 urteko emakumezko bat zendu da birusak jota.

Transmisioari dagokionez, Hegoaldeko osasun sistemek emandako datuen arabera, atzo 8.065 test egin ziren birusa atzemateko, eta horien %3k eman zuten positibo: 240 kutsatu detektatu zituzten, beraz. Lurraldez lurralde, Bizkaian 102 zenbatu ziren; Gipuzkoan, 70; Nafarroan, 45, eta Araban, 20.

Ospitaleei so, Osakidetzak eta Osasunbideak kutsatuak ziren 31 lagun erietxeratu zituzten atzo Hego Euskal Herriko zentroetan. Oraintxe bertan 275 daude ospitaleratuta, eta horietako 68 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude. Uztailaren hondarretik, kopurua orain da lehenbiziko aldiz 70 pazienteren langatik behitikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.