Frantzako Poliziak hiru gazte atxilotu ditu goiz honetan Urruñan eta Hendaian (Lapurdi), eta beste baten bila ere joan dira, baina ez dute atzeman. Hala jakinarazi dute Euskal Irratiek, Twitterren zabaldutako mezu batean. BERRIAk jakin duenez, laugarrena, atxilotuetako baten anaia, Hego Euskal Herrian ari da ikasketak egiten, eta bere baitarik aurkeztu da komisariara atxilotze aginduaren berri izan duenean. Euskarazko irrati sare horren arabera, uztailaren 14an Frantziako egun nazionalaren harira Lapurdi kostaldeko hirian egin zuten manifestazioan gertatutakoak lirateke atxiloketen iturrian. Baionako Polizia Judizialaren iturriak aipatuta, France Bleu Pays Basque irrati publikoak zabaldu du Frantziako bandera bat lapurtzea leporatzen dietela atxilotuetako biri; beste biri, autoritate publikoaren ordezkari bati eraso egitea. Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle asanbleak elkarretaratzea egin du Baionako komisariaren aitzinean, atxiloketak salatu eta atxilotuei babesa erakusteko. EH Baik ere «sostengu osoa» adierazi zien atxilotuei. «Jakobinoa eta nazionalista den estatu frantsesak, itsu itsuan errepresioaren bidea segitzea aukeratu du. Atxiloketa hauen bidez, beldurra eta neurrigabeko autoritarismoa
inposatu nahi diote ipar Euskal Herriko gazteriari».
Arratsaldean zehar, atxilotuetako lauak libre utzi dituzte. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak BERRIAri jakinarazi dio lautik hiru lege ohartarazpen batekin atera direla; horietako bi Frantziako bandera lapurtzeagatik, eta beste bat autoritate publikoaren ordezkari bati -Jean François Hirigoien Donibane Lohizuneko auzapezari- eraso egiteagatik. «Neurri alternatibo bat» dela erran du prokuradoreak, eta berak jakinarzi diela auzipetuei. Hirigoienek salaketa ezarri bazuen ere, kasua «itxitzat» eman du, eta baieztatu du ez dela «atxiloketa gehiago egonen».
Maritxu Paulus Basurco izan da gazteetako baten abokatua, eta berak eman ditu argipenak Jerome Bourrier Baionako prokuradorearen erabakiari buruz. «Prokuradoreak, delitu bat izan dela kontsideratzen badu, erabakitzen ahal du auziperatzea edo ez». Ondotik, auzitegiak erabakitzen du delitua izan den ala ez, eta delitu bada, zer zigor merezi duen. «Hiru urteko epean, prokuradoreak kontsideratzen ahal du afera berriz ateratzea, beste arau-hauste batzuk izan direlako, eta, beraz, kontsideratzen duelako baietz, pertsona hori auziperatu behar dela». Gaur, kasua ixtea erabaki du. Hala ere, gibelapenarekin emandako zigorrarekin desberdindu du Basurcok. «Hor ez dira zigortuak. Ohartarazia zaie legeak zer dion».
AZKEN ORDUKOA 3 gazte atxilotu ditu goiz huntan poliziak eta laugarren baten bila joan dira, baina ez zen etxean momentu hortan. Baionako komisaldegira eraman dituzte, dirudienez Donibane Lohizuneko uztailaren 14ko gertakariekin loturik #atxiloketak
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) September 15, 2021
Asimilaziotik erresistentziara! lelopean, 200 bat pertsonak protesta egin zuten Donibane Lohizunen, joan den uztailaren 14an, Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarrikapenak zabalduz. Herriko etxera iristean, «Hau ez da Frantzia, ezta Espainia ere. Euskal Herria da!» zioen pankarta bat ezarri zuten herriko etxeko harresian. Ekintza hori ez zen Jean François Hirigoien Errepublikanoetako auzapezaren gustukoa izan, eta manifestariei oldartu zitzaien, pankarta kentzen saiatuz. Bultzada batzuen ondotik, herriko etxera itzuli zen manifestariei irain keinu bat eginez. Euskal Irratiek zabaldutako bideoan ikusi daiteke momentu hartan izan zen tentsio giroa.
Atzo Donibane Lohitzunen Jean François Irigoien auzapezarekin izan tentsioen adierazle da bideo hau ð;Â;Â;Â;ŸÂ‘‡ pic.twitter.com/JRm3E0LcgI
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) July 15, 2021
Ondoko egunetan, erreakzio soka luzea sortu zuen gertakariak, eta Errepublikanoetako Ipar Euskal Herriko hautetsiak banan-banan atera ziren gertatutakoa salatu eta Hirigoieni babesa erakustera. «Gertakari biziki larriak»: horrela definitu ditu Claude Olive Errepublikanoetako Pirinio Atlantikoetako presidenteak. Max Brisson Errepublikanoetako senatariak Facebooken zabaldu zuen testu luze batean, gertatutakoaren bere bertsioa eman zuen Hirigoienek. Bertan zioen manifestariek «frantses zikina» deitu ziotela eta zaplazteko bat eman ziotela. Zenbait hautetsik «babesa» erakutsi zioten sare sozialetan; besteak beste, Brissonek berak eta Vincent Bru Modemeko diputatuak.
Agiri batean, Olivek «irmoki kondenatu» zuen gertatutakoa, eta oroitarazi zuen «gure lurraldea Frantziako Errepublikaren parte» dela. «Ezerk ez ditu justifikatzen Euskal Herrian ahantzia genuen tentsio giro bat oroitarazten duten halako ekintzak». Donibane Lohizuneko zentro eskuineko oposizioak Frantziako Barne ministroari idatzi zion Poliziak ikerketa bat abiatu zezala eskatzeko. Uztailaren 22an, Baionako prokuradoreak ikerketa bat abiatu zuen gertatutakoa argitzeko. Badirudi horren emaitza direla gaurko atxiloketak.
Hirigoieni barkamen eskaera
Herri Berri Donibane Lohizuneko oposizio abertzalea izan zen manifestazioaren ondotik Hirigoien auzapezarekin kritiko agertu zen bakarrenetakoa: bere jokaera estaltzeko kontakizun bat asmatzea leporatu zion auzapezari. «Nazionalitatea eta erregimen politikoa nahasiz, Hirigoien jaunak ahantzi du Errepublika nazio frantsesa baino lehenago existitzen zela, eta hiru koloreko banderaz beste kolore batzuk har ditzakeela kontzeptualki, baita ikurrinaren koloreak ere». Egindako adierazpenengatik barkamena eskatzeko galdetu zioten Hirigoieni.