Denbora zeraman erretiroaren mamuak airean, eta astelehenean hedabideak deitu zituenetik bertatik jotzen zen ziurtzat pilotariaren agurra. Azkenean, gaur argitu du nolakoa izango den, Bilboko Bizkaia frontoian, Jose Ramon Garai Baiko Pilota enpresako zuzendari nagusiarekin batera egindako prentsaurrekoan. Azaroaren 13an jokatuko du azkeneko partida Olaizola II.ak, jaioterrian, Goizuetan. Hain zuzen, egun horretan beteko ditu 42 urte. Eta ordura arte hitzartuak dituzten beste bost partidaren berri ere eman du enpresak.
«Momentu politean» utzi nahi izan du pilota Olaizolak, eta bere pilota ibilbidean erakutsi duen profesionaltasun eta patxada berarekin eman du horregatik agurraren berri hedabideen aurrean. Maiz adierazia zuen ez zuela bere jokoa gain behera ikusteko asmorik, eta horregatik hartu du erabakia orain. Gorputzak ez, azaldu duenez, buruak eraman du pilota uztera. «Nahiko lasai eta nahiko ongi nago. Urte batzuk lehenago utzi beharra izan banu, ezberdina izango zen, baina momentu ona da hau. Fisikoki ongi nago, baina buruarena pixka bat gehiago kostatzen zait: partida aurreko tentsioa eta. Horren nekea hasi naiz nabaritzen».
Gurasoekin eta emazteekin hasi, eta urteotan guztiotan ondoan izan dituen profesionalak, zaleak, kideak eta enpresetako ordezkariak izan ditu gogoan Olaizolak, eta onartu du hasieratik izan zuela argi sorterrian jokatuko zuela azken partida. «Zorretan sentitzen naiz».
Txapelik ez balu bezala
Olaizolaren lorpenak zerrendan ematen dituen afixa bat jarri du enpresak prentsaurrekoan. Crescendo moduko batean. «1.307: jokatutako partidak. 26: jokatutako finalak. 14 txapela». Hori ikusita, pozik eta gustura azaldu da pilotaria lortutako guztiarekin. Onartu du, ordea, frontoira ateratzerakoan sekula ez duela buruan izan halakorik. «Igual hemendik urte batzuetara emango diot inportantzia gehiago horri, baina nik inoiz ez diot begiratu zenbat txapel ditudan. Partida bakoitza jokatu dut txapelik ez banu bezala».
Olaizola II.ak arrasto sakona utziko du pilotan. Inoizko pilotari onenetako bat izan da. 23 urte baino gehiagoko ibilbide oparoa osatu du frontoietan; 1998ko apirilaren 12an, Lekunberriko (Nafarroa) Jaian Jai pilotalekuan profesionaletan debuta egin zuenetik. Iñigo Alberdi izan zuen bikotekide lehenbiziko egun hartan, eta Soroa III.a-Hirigoien izan zituzten aurkari. 22-15 galdu zuten.
Baina berehala hasi zen nabarmentzen. Urtebete eskas geroago irabazi zuen lehen txapela: Bigarren Mailako Buruz Burukoa. 22-16 irabazi zion finalean Hirigoieni, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan. Aurreneko txapel horri beste hamalau gehitu dizkio, guztiak Lehen Mailakoak: lau aldiz izan da buruz buruko txapeldun, zazpi aldiz lau eta erdikoan —inor baino gehiago—, eta hiru aldiz binakakoan.
Duela bost urte irabazi zuen azken txapela, binakakoa, Mikel Urrutikoetxearekin, eta pilotari berberarekin jokatu du azken finala, iaz, eta galdu egin zuten Joseba Ezkurdiaren eta Julen Martijaren aurka. Banaka, berriz, orain zortzi urte irabazi zuen azken txapela, lau eta erdikoa, Juan Martinez de Irujoren aurka. Hain zuzen, lehia ikusgarria izan zuen Irujorekin Iberokoak osasun arazoengatik erretiroa hartu zuen arte. Lehen Mailako hamalau txapel irabazteaz gain, hamabi aldiz izan da txapeldunorde. Julian Retegik bakarrik du garaipen zerrenda hobea: 21 txapel irabazi zituen Eratsungoak (Nafarroa), horietatik hogei Lehen Mailan.
Hiru txapelketa nagusiak irabazi dituzten zazpi pilotarietako bat da Olaizola II.a. Retegi II.a, Fernando Arretxe, Abel Barriola, Juan Martinez de Irujo, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Urrutikoetxea dira beste seiak. Aurrelari goizuetarrak estatistika ikusgarriak lortu ditu: 1.307 partida jokatu ditu, eta horietatik 820 baino gehiago irabazi ditu; jokatutakoen %62,74.
Pilotari totala izan da. Lehiakortasuna, erregulartasuna, pilotari sena, aurkariei aurrea hartzeko eta jokamolde berrietara egokitzeko gaitasuna eta lesio larrietatik osatzeko ahalmena; dohain horiek egin dute inoizko pilotari onenetako bat.
Enpresako pilotaria izan da. Asperekin egin zuen debuta, baina Asegarcen egin du ia ibilbide osoa, eta azken urteetan, haren lekukoa hartutako enpresan, Baikon. Iaz Baikoko pilotari gehienek enpresarekin lan gatazka izan zuten, eta hark, Mikel Urrutikoetxeak eta Ander Imazek ez zuten bat egin enpresakideen protestarekin.
Olaizola II.ak aukera du oraindik agur esan aurretik beste txapel bat irabazteko. Caixabank Masterseko finala jokatuko du igande honetan, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Jose Javier Zabaleta izango du bikotekide, eta Danel Elezkano eta Jon Mariezkurrena aurkari.
AZKEN PARTIDAK
Sei partida ditu oraingoz ziur zehaztuta, baina gehiago ere izango direla espero du Baiko enpresak.
Irailaren 24an, Logroñon San Mateo txapelketako finalerdia: Olaizola II- Mariezkurrena II Jaka-Albisuren aurka.
Irailaren 26an, Logroñon, San Mateo txapelketako finala, pasatuko balitz.
Urriaren 2an,Donostian: Altuna III- Imaz Olaizola II- Zabaletaren aurka.
Urriaren 17an, Bilbon: Olaizola II- Imaz Urrutikoetxea-Arangurenen aurka.
Urriaren 23an, Iruñean: Olaizola II- Mariezkurrena Laso-Imazen aurka.
Urriaren 31n, Gasteizen: Olaizola II- Mariezkurrena II Jaka-Arangurenen aurka.
Azaroaren 13an, Goizuetan: Olaizola II-Imaz Jaka-Aretxabaletaren aurka.
NORTASUN AGIRIA
Izen-abizenak. Aimar Olaizola Apezetxea.
Jaioterria. Goizueta (Nafarroa).
Jaioteguna. 1979ko azaroaren 13a.
Altuera. 1,84 metro.
Pisua. 89 kilo.
Postua. Aurrelaria.
Enpresa. Baiko Pilota.
Estreinakoa. 1998ko apirilaren 12an, Lekunberrin (Nafarroa).
Garaipen zerrenda. Lehen Mailan, lau aldiz izan da buruz buruko txapeldun eta sei aldiz txapeldunorde; zazpi aldiz irabazi du lau eta erdikoa, eta behin izan da txapeldunorde; hiru aldiz nagusitu da binanakoan, eta beste lautan izan da txapeldunorde; sei aldiz eskuratu du Nafarroako lau eta erdikoa; Bigarren Mailan, behin jantzi du buruz buruko txapela.
Partidak. 1.307. Jokatutakoen %62,74 irabazi ditu.