EAEko Auzitegi Nagusiak %60ra handitu du futbol zelaien edukiera

Espainiako Futobol Liga Profesionalaren helegite bat hartu du aintzat: Eusko Jaurlaritzak ezarritako %30eko edukieraren kontrakoa.

Athleticeko zale batzuk, larunbatean, San Mamesen. LUIS TEJIDO, EFE
jon ordonez garmendia
2021eko irailaren 14a
15:51
Entzun

Ostalaritzaren itxierarekin egin zuen bezala, EAEko Auzitegi Nagusiak bizkarra eman die Eusko Jaurlaritzaren murrizketei berriro. Oraingoan, futbol zelaiei zegokien murrizketa batean. Pixkanaka neurriak arintzen ari badira ere, horien kasuan %30eko gehieneko edukiera ezarri zuen Jaurlaritzak. Espainiako Futbol Liga Profesionalak, ordea, helegite bat aurkeztu zuen horren kontra, eta aintzat hartu du Auzitegi Nagusiak: gehienezko edukiera %60koa izango da.

Ostiralean jarri zuen Futol Liga Profesionalak helegitea abuztuaren 30eko murrizketa dekretuaren aurka. Azken horren arabera, 1.600 eta 5.000 pertsona arteko kirol guneetan, irekiak direnean, 800 pertsonakoa izango zen gehienezko edukiera, eta 5.000tik gorakoetan ezingo zuen gainditu edukiera osoaren %30.

Gaur eguerdira arteko epea zuen Jaurlaritzak murrizketa horren aldeko argudioak emateko. Berez, Espainiako Gobernuak esana zuen futbol zelaietako edukiera %60koa zela, eta hala aritu dira denboraldiko lehen jardunaldietan Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak ez diren futbol taldeak. Jaurlaritzak, ordea, dio edukiera hori finkatzea bere eskumena dela, eta edukiera handitzeko, egoera epidemiologikoaz gain, beste aldagai batzuk hartu behar direla aintzat. Gainera, arrazoitu du Espainian %60koa dela esateak ez du esan nahi hori izan behar duenik, baizik eta gehienez izan behar duela hori.

Espainiak Lurralde Arteko Kontseiluan erabaki zuen kirol guneen edukiera %60ra igotzea, irailaren 1ean. Jaurlaritzak argudiatu du, ordea, ehuneko horrek ez duela justifikaziorik. "Ez da argudiatzen zergatik ez den ezartzen %40, %70 edo %100eko gehieneko kopurua".

Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estadioetan orain sartzen ziren ikusleen bikoitza sartu ahalko da asteburu honetatik aurrera: Mendizorrotzan, 11.900 inguru; San Mamesen, 32.000 inguru; Anoetan, 23.700 inguru; Ipuruan, 4.900inguru; eta Lezaman, 1.800 inguru. Sadarren jada ikusleen %60 sar zitezkeen, Nafarroako Gobernuak onartu egin baitzuen Madrilek esandakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.