EUSKAL PRESOAK

«Etxerako bidean», indarrak «bikoizteko» deia egin du Sarek

Urrirako espetxe eskumena izanen du Eusko Jaurlaritzak, eta presoen eskubideen aldeko mugimenduak nahiko luke ordurako «aldaketak errealitate» bihurtzen hastea. Manifestazio batera deitu dute urriaren 23rako, Donostian.

Euskal presoen aldeko protesta bat, abuztuan, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko irailaren 13a
14:20
Entzun

Dagoeneko Euskal Herriaren inguruko espetxeetan daude Espainiako Estatuan dauden euskal preso guztiak, baina Sare euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak adierazi du ez dela nahikoa. Izan ere, senideen zama «apur bat» arindu bada ere, ez dute egoera hori «normalizatu» nahi: «Urruntze eta sakabanaketa politika benetan desagertuko da preso guztiak Euskal Herrian daudenean». Espetxe politika normaltzea da, hain justu, Sarek eskatzen duena: salbuespen politikak bukatzea. Gaur Donostian Sareko kideek egin duten agerraldian oroitarazi dutenez, hain zuzen, oraindik ere preso anitz dira Euskal Herrian ez daudenak, eta auzitegiek gradu aldaketak eta baimenak oztopatzen dizkiete oraindik. Datuak eman dituzte: 64 euskal preso daude Euskal Herrian —euskal preso guztien %32—, eta soilik hamar pasatu dituzte bigarren gradutik hirugarrenera —euskal presoen %5—.

Egoera hori aldatzea nahi du Sarek, eta, horretarako, manifestazio batera deitu du urriaren 23rako, Donostian. Erranguratsua da data, Eusko Jaurlaritzak urriaren 1erako eskuratu beharko bailuke espetxe eskumena, eta, beraz, eskatu diote «aldaketak errealitate» bihurtzen has dadila: «Euskal administrazioak iragarri zuenez, espetxe politika arrunta aplikatuko du, pribilegiorik gabe, baina bazterketa politikorik gabe». Sarek uste du «berehala» aplikatu behar zaiela euskal presoei politika hori, baita Euskal Herritik kanpo daudenei ere. Bide horretan «indarrak bikoizteko» deia egin du euskal presoen aldeko mugimenduak: «Bulegoetako aldarrikapenak kalean presentzia aktiboa izatearekin uztartu behar ditugu».

Urriaren 23ko manifestazioa 17:00etan abiatuko da, Antiguako tuneletik, eta Pio XII.aren plazan bururatuko da, ekitaldi «berezi» batekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.