Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak autogobernuan aurrera egiteko bide bikoitza defendatuko du ostegun honetan Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaidan. Alde batetik, 1979an onartutako estatutua osorik betetzeko eskatu, eta eskualdatzeke dauden transferentziak eskuratzeko beharra azpimarratuko du: urriaren 1ean Jaurlaritzak jasoko duen espetxeen transferentzia ez ezik, aurten beste bederatzi eskumen zehazteko modua ere egotea espero du lehendakariak.
Beste alde batetik, Urkulluk ostegunean adieraziko du oposizioarekin autogobernuan sakontzeko «adostasun sendoa» lortu nahi duela, eta Estatutua erreformatzeko hasitako lanei berriro ekiteko «aukera» proposatuko du, baina betiere Espainiarekin aldebiko harreman batean oinarrituta. Lehendakariak ostegunean eskainiko duen diskurtsoaren laburpenean jasota dagoenez, eskubide historikoen eguneratzean eta aldebiko harremanean indarra jarriko du lehendakariak: «Eskubide historikoen eguneratzeak mekanismo bat barne hartu behar du aldebikotasuna eraginkorra izan dadin; alegia, mekanismo bat, bi aldeak behartuko dituena politikoki eta legez hitzarmen eskema baten arabera jardutera». Horiek horrela, lehendakariak defendatuko du Jaurlaritza eztabaida horretatik kanpo geratu behar dela eta Eusko Legebiltzarrean kokatu behar dela, hau da, «ordezkaritza, elkarrizketa eta akordio politikoaren foroan».
Nolanahi ere, autogobernuari buruzko eztabaida Urkulluren hitzaldiaren azken zatia izango da. Horren aurretik, pandemiaren kudeaketa eta ekonomia bere diskurtsoaren erdigunean izango dira. Besteak beste, datozen hilabeteetarako honako helburu hauek zehaztuko ditu arlo ekonomikoan: langabezia tasa %10etik behera ezartzea eta I+G arloan konbergentzia lortzea Europako Batasunarekin.
Lege egutegiari dagokionez, Jaurlaritzaren asmoa da datozen hilabeteetan hamabi lege proiektu bidaltzea Eusko Legebiltzarrera, onartuak izan daitezen.
Ikasturte politikoaren hasiera
Espainiarekin «aldebiko harremana» lortzea defendatuko du Urkulluk legebiltzarrean
Ostegunean Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaidan «adostasun sendoa» eskatuko du autogobernuaren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu