Elkarrekin Podemos-IUk «ahalik eta gehien eragin» nahi du Jaurlaritzaren jardunean

Miren Gorrotxategik esan du euren nahia ez dela gobernua «higatzea», harekin elkarlanean aritzea baizik. Berdintasun Legean akordioa lortzeko aukera ikusten du koalizioak.

Miren Gorrotxategi Eusko Legebiltzarren, artxiboko irudian. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
2021eko irailaren 13a
11:47
Entzun

Ostegun honetan hasiko du Eusko Legebiltzarrak urte politikoa, eta Elkarrekin Podemos-IUk ikasturteari begira dituen lehentasunak finkatu ditu gaur. Legebiltzar taldeak gosari informatiboa eskaini die komunikabideei Gasteizko hotel batean, eta, bertan, Miren Gorrotxategi taldeko bozeramaileak azaldu du koalizioaren helburua ez dela izango Eusko Jaurlaritza «higatzea», baizik eta haren jardunean «ahalik eta gehien eragitea». Izan ere, alderdi «giltzarria» izan nahi dutela nabarmendu du: «Gure indar korrelazioa kontuan hartuta, gure xedea da ahalik eta intzidentzia gehien izatea gobernuan».

Gorrotxategik azaldu duenez, urte politiko berriak garrantzi handia izango du, EAJk eta PSEk gehiengo osoa baliatuko dutelako Eusko Legebiltzarrean lege ugari aurrera ateratzeko, eta testuinguru horretan oposizioko taldeek «erantzukizun historikoa» izango dute. Hala, Elkarrekin Podemos-IUk «aukera oro» baliatuko du gobernuarekin elkarlanean aritzeko eta bere jardunean eragiteko. «Ez dugu utziko aukera bakar batek ere ihes egitea, aukera guztiak baliatuko ditugu». Gaineratu duenez, Elkarrekin Podemos-IUk «askatasun osoz» jardun dezake gobernuarekin akordioak lortzeko, ez baitauka «inolako motxilarik». Taldeak oposizioa egingo du legebiltzarrean, baina gobernura iristeko asmoari ez dio muzin egingo: «Herri honetan ezkerreko gobernu bat egoteari ez diogu uko egin nahi»

Hala, Jaurlaritzarekin elkarlanean jarduteko borondate osoa dutela azpimarratu du Gorrotxategik. Besteak beste, Berdintasun Legean akordioa lortzeko aukera ikusten du. Legebiltzarrean tramitatzen ari dira lege proposamena, eta, Gorrotxategik jakinarazi duenez, azken asteotan gobernuko taldeekin «lan egonkorra» egiten ari dira, eta espero dute elkarrizketen ondorioz akordio on bat lortzea.

Bestalde, Gorrotxategik azaldu du EP-IU estatus politiko berriari buruzko eztabaidan parte hartzeko prest dagoela, baina momentu honetan ez ditu beste taldeak ikusten eztabaida horri ekiteko prest.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.