Azkenean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera iritsiko da Euskal Autonomia Erkidegoko Udalen Legea, eta hark ebatziko du udal aktak euskaraz egitea zilegi den ala ez. Euskararen erabilerari buruzko artikulu bat Espainiako Konstituzioaren aurkakoa ote den aztertzen hasi zen EAEko Auzitegi Nagusia uztailean, eta joan den astean ebatzi zuen gaia Auzitegi Konstituzionalaren esku uztea. Administrazioarekiko Auzien Salaren ustez, Espainiako Konstituzioaren 3, 14 eta 23. artikuluetan jasotako printzipio bat urra dezake legeak, hau da, gaztelaniak eta hizkuntza koofizialek «orekan» bizi behar dutela, «eta ez bata bestearen aurretik lehenetsiz edo hobetsiz».
Vox alderdi ultraeskuindarrak jarritako helegite batetik dator auzia: 2016ko Udalen Legea garatzeko, Eusko Jaurlaritzak 2019an onartu zuen dekretu bat eraman zuen epaitegira, hizkuntza ofizialak udaletan nola erabili arautzen duena. EAEko auzitegiak, ordea, Udalen Legearen 6.2 artikuluan jarri du arreta: puntu horrek zehazten du toki erakundeetako aktak eta beste zenbait agiri euskaraz idatz daitezkeela, «baldin eta, toki erakundearen barruan, euskaraz ez dakiela behar bezala alegatzen duen ezein kideren eskubideak urratzen ez badira».
Bada, «behar bezala alegatzea» zertan datzan ez dago argi, Administrazioarekiko Auzien Salaren aburuz, alegia, lege testuan ez da zehazten erakundeotako langileek nola egiaztatu behar duten ez dakitela euskaraz: «Arauak ez du interpretaziorako jarraibiderik ematen [...]. Agerikoak dira ziurgabetasun juridikoa eta apetazko jardunerako arriskua». Era berean, auzitegiak txarretsi du gaztelania erabiltzeko «arrazoi bakarra» izatea langileek euskaraz ez jakitea, eta ez «nahiago izatea, edozein dela arrazoia —eta, askatasun konstituzionalak medio, ez daude horiez mintzatzera behartuta—, harremanak gaztelaniaz egitea». Ebazpenaren arabera, «aukeratzeko askatasuna eta bi hizkuntzen arteko oreka” urratzen du horrek.
Gainera, auzitegiak uste du udalen jardunean euskara baliatzeak «gaztelania erabiltzeko aukerarik gabe» utziko lukeela «modu injustifikatuan». «Bi hizkuntzen arteko berdintasuna hautsiko luke horrek». Ildo horretan, ebatzi du Espainiako Konstituzioaren bi artikulu urra ditzakeela legeak: 3.a —gaztelania ezagutzeko derrigortasuna ezartzen du— eta 14.a —berdintasunari buruzkoa—. Hizkuntzen alorreko jurisprudentzia aztertuta, auzitegiak ondorioztatu du koofizialtasunak «hizkuntzen arteko berdintasuna» dakarrela, eta administrazioen jardunak ezin duela oreka hori urratu: «Hizkuntza bat ezin da nagusitu bestearen gainetik. Arauek bi hizkuntzen erabilera normala bermatu behar dute, eta hizkuntzetako baten bazterketa eragotzi behar dute».
Legearen 6.2 artikuluak ordezkaritza politikoari ere eragin diezaiokeela ondorioztatu du Administrazioarekiko Auzien Salak: «Udalen eta bertako langileen zein herritarren ordezkariei eragiten die, eta, zeharka, herritarren eskubideetan ere eragin dezake, haiek ordezkatzeko lanari erasan diezaiokeelako». Hori dela eta, aretoak uste du Konstituzioaren 23. artikulua ere auzitan jarri duela legeak, «pluralismo politikoari» eragiten diolakoan.
Uemaren erreakzioa
EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia «oso kezkagarria» dela adierazi du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Iraitz Lazkanok: «Berriro jartzen du jo puntuan udalerri euskaldunen jardun eredugarria». Ebazpenak emandako argudioei erreparatuta, euskara hizkuntza gutxitua dela nabarmendu du Lazkanok: «Bidegabea da hura normalizatzeko bidean oztopoak jartzea horrelako argudioak erabiliz. Uemako udalak ari dira bidea urratzen administrazioak euskaraz funtziona dezan, eta horren aurkako ebazpena da hau. Berriro ere epaitegiak sartu dira hizkuntza politikan, eta berriro ere euskararen normalizazioa trabatzeko». Era berean, «Udal Legea defendatzeko bidean babes osoa» agertu dio Eusko Jaurlaritzari.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak ez du EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiaren inguruko iritzirik eman nahi izan: «Auzitegiaren areto batek kontsulta egin dio Auzitegi Konstituzionalari, eta orain erantzun horren zain gelditzen gara». Edonola ere, nabarmendu du espero duela ebazpen horrek bide ematea «gaztelaniaz bezala euskaraz ere gure harremanak eraikitzeko aukerari».
Aspaldiko gatazka
Gogora ekartzekoa da eztabaida luzeak eragin dituztela udal agiriak euskaraz egiteko oztopoek. Mariano Rajoy (PP) Espainiako gobernuburu zenean, Carlos Urkijo EAEko gobernu ordezkariak gurutzada propioa hasi zuen aktak euskaraz idazten zituzten udalen aurka. Haien erabakien berri gaztelaniazko itzulpenik gabe ematen zioten udalen dokumentuak ez-hartutzat jotzen hasi zen, eta, agiri horiek bidaltzea derrigorrezkoa zenez, legea ez betetzea egotzi zien udalei. Hala, dozenaka udal salatu zituen, batik bat Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatekoak.
Alabaina, 2015ean, Donostiako Auzitegiak lehenik eta EAEko Auzitegi Nagusiak ondoren, ebatzi zuten legezkoa zela udalek aktak euskaraz egitea eta gobernu ordezkariari hizkuntza horretan bidaltzea. Ostera, Eusko Legebiltzarrak Udalen Legea onartu zuen 2016an, EAJren eta EH Bilduren aldeko bozekin, eta, haren bitartez, euskararen erabilera bermatu zuten erakundeen arteko harremanetan, «beste hizkuntza ofizialerako itzulpenik aurkeztu beharrik izan gabe».
Gainera, ez da EAEko Auzitegi Nagusiak azken hilabeteetan hizkuntza eskubideak auzitan jarri dituen lehen aldia. Udalen Legeko artikulua zalantzan jarri duen areto berak bertan behera utzi zituen maiatzean Irungo (Gipuzkoa) Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak, euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzaileak» zirelakoan. Ebazpenari helegitea jarria diote Irungo Udalak eta Jaurlaritzak.