Julie ez da eskolan erabat egokitzen, baina dena aldatuko da Émile izeneko ume autista iristean. Aurrez ere hainbat sari jasoak zituen Paul Mas zuzendariaren Précieux animaziozko laburrak, eta lan horixe gailendu da 14. Animadeba jaialdian ere. Film Onenaren Saria eman dio epaimahai profesionalak, eta ikusleek ere lan hori nabarmendu dute, Publikoaren Saria emanda.
Mathilde Parquet zuzendariaren Trona Pinnacles film laburrak jaso du Gidoirik Onenaren Saria.
Alberto Vazquez zuzendariaren Homeless Home lanak epaimahaiaren aipamen berezia.
Margrethe Danielsen zuzendari norvegiarraren Pearl Diver film laburrak jaso du Zuzendari Berria EHU Saria.
Noah Mauchly zuzendariak sortutako Mouse film laburrak eskuratu du K-Saria.
Hiru kide izan ditu epaimahaiak: Marie Paccou zinemagilea, Carolina Lopez Animac jaialdiko zuzendaria eta Pedro Rivero zinemagilea eta Animakom jaialdiko zuzendaria. Gainera, Paccou bera izan da aurtengo ohorezko gonbidatua. 1998an aurkeztu zuen bere lehen lan laburra: Un jour izenekoa, eta Film Onenaren Europa Saria jaso zuen hari esker. Jaialdian Euskal Makila izeneko oroigarria eskaini zion Paccouri Aitor Oñederra Animadebako zuzendariak.
[youtube]https://youtu.be/4bKrzEiiKGc[/youtube]
Bigarrenez antolatu dute aurten Work in Progress Saria, eta BERRIA hedabideak babestu du. Hamabi proiektu aurkeztu dituzte sortzaileek jaialdian, eta, haien artean, Ane Ines Landeta eta Lorea Lyons zuzendarien Azkena proiektuak eskuratu du saria. 300 euro jasoko dituzte egileek. Eta, kasu horretan, Miren Aperribaik, Miren Berasategik eta Aitor Arenasek osatu dute epaimahaia.
Etenaren osteko itzulera
Aurreko asteazkenean hasi zen jaialdia eta larunbatean amaitu. Tarte horretan, guztira, 40 film baino gehiago eman dituzte. Antolatzaileek 1.500 film labur baino gehiagoko multzotik egin dute lehen hautaketa hori, eta epaimahaiak bigarren multzo murritzago horretatik apartatu ditu saritutako lanak.
2008an egin zuten lehen jaialdia, eta, hamarkada bateko bidea egin ondoren, nazioarteko lehiaketa bilakatu zen 2019an. Iaz etena egitera behartuta ikusi zuten beren burua, koronabirusaren ondorioz sortutako osasun krisiagatik, eta aurten itzuli da ohiko formatura.